argia.eus
INPRIMATU
Frantziako poliziak eragotzi egin dio argazkilari bati manifestazio baten berri ematea
  • Parisko Poliziak ez dio utzi Nnoman argazkilariari Parisko lan erreformaren aurkako protesten gunera sartzea, prefeturak hori galarazten zion agindua bertan behera utzi bazuen ere.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko maiatzaren 18a
Manifestazio ugari egin dituzte lan-erreformaren aurka Frantziako Estatuan.

NnoMan Frantziako argazkilariari jarritako betoa bertan behera utzi du astearte goizean Parisko prefeturak. Dena den, poliziek geldiarazi egin dute argazkilaria manifestazioen eremura sartzen hasi denean.

Bera bakarrik ez, poliziek berarekin batera zihoazen hainbat argazkilari ere atxiki ditu. Argazkilariaren arabera, ez du ezertarako balio izan prentsa akreditazioa eta prefeturak sinatutako agiria erakusteak.

Gainera, poliziek kaskoa, gasaren aurkako maskara eta begiak babesteko betaurrekoak kendu dizkie, argazkilariak salatu duenez.

Nnomanek adierazi du ez duela sinbolo bihurtu nahi, “nire lana egin nahi dut”. “Botilak eta gas negar-eragileak botatzen dituzte. Nire tresnak behar ditut, nire lana da”, azaldu du. Poliziak argi utzi dio ez diola plazara sartzen utziko eta “horrelakoa da bizitza” esanez bukatu da eztabaida.

Nnoman argazkilariak maiatzaren 14an jaso zuen Errepublika Plazara –Nuit Debout mugimenduaren muina– eta lan-erreformaren aurkako manifestazioak egiten ari diren auzoetara sartzea debekatzen dion agindua.

Aginduak argudiatzen du lan erreformaren aurkako manifestazio batzuetan hartu duela parte argazkilariak, eta manifestazio horietan polizien eta manifestarien arteko liskarrak gertatu direla.

“Salbuespenezko egoera Frantzian”

Poliziaren aginduak ez zuen epailearen oniritzirik. Salbuespenezko neurria da; izan ere, azaroko atentatuez geroztik, salbuespen egoera dago Frantziako Estatuan. Ekologistek, ekintzaileek eta abokatuek ere salatu dituzte horrelako jokabideak.

Argazkilariaren iritziz, “hedabideen presioak behartu ditu atzera egitera, bazekitelako hori egin ezean okerragoa izango zela”. Bestalde, poliziak iTeleri azaldu dio ez zekitela kazetaria zela atxilotu zutenean.

Gutxienez uztailera arte jarraituko du salbuespen egoerak Frantziako Estatuan. Ordura arte poliziak jarraitu ahal izango du manifestazioak debekatzen, baimen judizialik gabe etxeak arakatzen, edota etxeetan jendea atxilotzen, besteak beste.