argia.eus
INPRIMATU
Frantziako pentsio erreformaren aurkako grebak gero eta sektore gehiagoren babesa lortu du
  • Pentsioen erreforma kontserbadoreak eragindako herri mugimenduen grebak 44 egun bete ditu, eta milioitik gora pertsonako manifestazioak antolatu dituzte. Grebaren aldeko elkarretaratzeetan eta deialdietan izan den polizien indarkeria salatu dute.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2020ko urtarrilaren 17a
Dijonen, abokatuek protesta gisa, laneko trajea erantzi eta lurrean utzi zituzten. Argazkia: Stéphane Creusvaux

Pentsioen gaineko erreformak ez du herritarren oniritzia jaso hasieratik: epe laburrean pentsioak murriztu eta erretreta hartzeko eguna atzeratzea bultzatu zuen. Polizia eta armadaren kasuetan izan ezik; beraien pentsioak ez dira aldatuko.

Hortaz, greba orokorrera deitu zuten. Ordutik hilabete eta erdi igaro da jada, 44 egun, eta egoera ez da gehiegi aldatu. Mobilizazioetan parte hartu duen jende kopurua dantzan dabil, iturrien arabera. Barne Ministeriotik zabaldutako datuen arabera, adibidez, abenduaren 17ko manifestazio handian 615.000 herritar atera ziren kalera. Langileen Batzordeak, aldiz, 1,8 milioi pertsona mobilizatu zirela adierazi du.

 

 

 

Eragin nabarmenena garraioan izaten ari da. Gutxieneko zerbitzuak daude martxan, eta Frantziako trenbide-konpainia nazionalak (SNCF)  adierazi du galera 1.000 milioi euro ingurukoa izango dela.

 

 

 

 

Ekimen ikusgarriak eta errepresioa

Herritarrak mobilizazio ugari egiten ari dira, eta sare sozialen bidez informatzen joan dira. Salatu dute poliziek gehiegikeriaz jokatu dutela, eta batzuek grabazioak publikatu dituzte.