argia.eus
INPRIMATU
Frantziako osasun langileen haserrea areagotu du supermerkatuek milioika maskara dituztela jakiteak
  • Maiatzaren 4tik aurrera saltzen ahalko dituzte supermerkatuek ere maskarak. Milioika maskara iristen ari dira salgune horietara, inolako arazorik gabe. Osasun arloko langileen kexua eragin du informazioak, asteak dabiltzalako babes-materialik gabe koronabirusaz kutsatutakoak artatzen.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 02a

Maiatzaren 4ean hasten ahalko dira maskarak saltzen Ipar Euskal Herriko eta orokorki Frantziako Estatuko supermerkatuak. Prest daude, milioika maskara dituzte etzirako eta beste milioika eskuratuko dituzte ondoko egunetan ere, traba gutxi kausituz bidean. Osasun arloko langileen haserrea areagotu du hori jakiteak: "Behar bezalako babesik ezingo dutela ukan erraten genien gure eriei. Nola ulertuko dute atzo ez zegoena gaur egun ausarki izatea? 100 milioi hemendik, 50 milioi hortik... beste zenbat ere? Lizunkeriaren goragoko eskaintzan gara" irakurri daiteke osasun arloko zazpi ordenetako –medikuak, farmaziak, emaginak, erizainak, dentistak, masajegile-kinesiterapeutak, pedikuro-podologoek– presidenteek izenpeturiko Maskarak erortzen dira gutunean.

Koronabirusaren izurritea hasiz geroztik, maskarak eskas dituztela errepikatzen dabiltza behin eta berriz osasun arlokoak. Frantziako Gobernuak ere onartu duen errealitatea da babes-material hauen eskasia. Supermerkatuetako arduradunek zehaztu dutenez, ez zuten aurretik maskara erreserbarik. Edonala ere, ekoizleak instituzioek bideratu manaketei ezin erantzunez ari zirelarik gehitu zituzten haien manaketak, inolako ahalkerik gabe, baimena ukan bezain laster saldu ahal izateko.

Inkesta irekirik

Maiatzaren 4ko salgai izanen diren milioika maskara horiei buruzko inkesta ireki du Frantziako Legeen Batzordeko presidenteorde den Nathalie Delattre senatariak. Inkesta batzorde bat irekitzea eskatu du hautetsiak. "Bi hipotesia daude: edo supermerkatuak estatua baino askoz eraginkorragoak dira, edo erreserbak bazituzten", Delattren hitzetan.