argia.eus
INPRIMATU
Frantziako mugak ixtearen kontra salaketa jarri dute Estatu Kontseiluan
  • Atentatu batzuen harira 2015ean mugak ixteko agindua eman zuenetik, Frantziako Gobernuak behin eta berriz luzatu du agindu hori, eta eragile ugarik salatu du mugetako kontrol etengabea, batez ere migratzaileak jomuga dituena. Orain, botere judizialaren organo garrantzitsu den Estatu Kontseilura iritsi da salaketa.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 10

2015ean hilabete baterako agindu zuen mugen itxiera François Hollande orduko presidenteak, baina mugetako kontrolak ohiko bihurtu dira jada –hamabost aldiz eskatu du salbuespen egoeraren luzapena Frantziak, Bruselaren aurrean–, baita Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugetan ere. Eragile ugarik salatu dute egora, tartean Irungo Harrera Sareak, gogoratuz kontrol horien ondorioz bat baino gehiago direla beren bizia arriskuan jarri eta beste bide batzuetatik muga zeharkatu nahian hil egin diren migratzaileak.

Naiz-en azaldu dutenez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpen batean oinarrituta –Eslovenia eta Austria arteko mugan kontrola egin ziotela salatu zuen herritar austriar batek–, Franziako Estatu Kontseiluan salaketa jarri dute migratzaileekin aritzen diren lau elkartek: Anafé, Gisti, Cimade eta Giza Eskubideen Liga. Frantziako Gobernuak eskatutako luzapenak ilegalak direla argudiatu dute elkarte horiek eta pertsonen zirkulazio askearen kontra egiten dutela.

Europar Batasuneko Auzitegiak, bere ebazpenean, argi adierazi du: mehatxu berri batek baino ezin du justifikatu mugen itxiera luzatzea.