argia.eus
INPRIMATU
Frantziako migrazio politikaren benetako aurpegia: adin txikiko bi migratzaile laguntzeagatik epaitua
  • “Nire izena Martine Landry da, 73 urte dauzkat. Kartzelaratua izateko arriskua dut, bi adin txikiko atzerritarri laguntzeagatik”. Hala mintzo da Amnesty Internationalen 15 urte daramatzan emakume frantziarra; Italiako mugatik gertu bizi da eta Frantziara iristen diren migratzaile gazteak laguntzen ditu. Pasa den uztailean Gineako bi nerabe Italiako kontrol-postutik Frantziako harrera etxe batera eramateagatik epaitu dute asteazken honetan, “solidaritate delitua” egotzita.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko maiatzaren 30

Menton-Garavan tren-geltoki inguruan ibiltzen da Landry: bertan dabiltzan migratzaileekin poliziak zer egiten duen eta Italiara itzularazten al dituzten adi behatzen du, migratzaileei laguntzen saiatzeko. 2017ko uztailean, Haurrentzako Babes Soziala eskatu zuten Gineako bi adin txikiko Italiako muga-postura itzularazi zituztela jakin zuenean, bertaratu eta Frantziako harrera etxe batera eraman zituen. Frantziako legediarentzat, “solidaritate delitua” da hori.

Bost urteko kartzela-zigorra

Harrabots handiarekin Emmanuel Macronek Mamaudou Gassamaren egoera legeztatzea erabaki eta bi egunera, Gobernuak duen migrazio politika hobeto islatzen duen gertakaria dugu hau, atzerritar bati “modu ez legalean” herrialdean sartzen laguntzen dion pertsonari bost urteko espetxe-zigorra eta 30.000 euroko isuna ezartzen baitio Frantziako Estatuko legeak. “Solidaritate delitu” izenez ezagutzen dena atzera bota nahi izan zuen hainbat politikarik Asanblea Nazionalean, baina argi mintzatu zen Macron presidentea: “Solidaritate delitua egokitua izan daiteke, baina ez ezabatua”.