argia.eus
INPRIMATU
Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean
  • Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako bortizkeriak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko apirilaren 25
Betharramgo ikastetxeko erasoak salatzeko protesta bat. Argazkia: République des Pyrénées

"Biktima gisa kontatua izan nahi nuen, beste biktimen artean dagoen baten gisara, baita lehen ministroaren alaba gisa ere", adierazi du Helene Perlantek France Inter irratian apirilaren 24 goizean. Aitzineko hilabeteetan metatuz joan diren lekukotasunei gehitzen zaie beraz Frantziako lehen ministroaren alabarena. Pairatu dituen indarkeriak gogorki salatzen ditu berak ere: "Sekta baten edo erregimen totalitario" baten modura funtzionatzen zuela ikastetxeak, presio psikologikoa erabiltzen zutela ikasleak eta irakasleak isilik egonen zirela bermatzeko, eta ikastetxeko giroan "tratu txarrak eta beldurra" zirela nagusi.

1960ko hamarkadatik behintzat 1990eko hamarkadaren bukaera arte, ikastetxe horretan gertaturiko indarkeria fisiko, sexu bortizkeria eta bortxaketak argira atera direnaz geroztik, anitz hitz egin da François Bayrouz ere, hain justu, Mediapart-ek jakitera eman duelako gehiegikeria horietaz jakinean zela gaur egungo Frantziako lehen ministroa. Adibidez, Bayrou hezkuntza ministro zenean agertu ziren bi ikasle ohik jarritako salaketak, eta Mediapart-ek argira ekarri du Betharramgo ikastetxeari bere sustengua erakutsi ziola garaian Bayrouk. Alta, aurkakoa berresten segitzen du politikariak, azkenik otsailaren 11n ondokoa adierazita Frantziako Legebiltzarrean: "Inoiz ez dut ukan [Betharramgo (Biarno) ikastetxeko] bortizkerien berri, are gutiago sexu bortizkerien berri".

Perlantek zehaztera eman du "isiltasun kolektiboaren logikarekin" bukatzeko gogoa gailendu zaiola. Paueko prokuradorearen aurrera gutienez 112 biktimek ekarri dute salaketa. Ipar Euskal Herritik ere ume andana zegoen ikastetxe horretan, eta salaketa jarri dute horietariko batzuk.