argia.eus
INPRIMATU
Frantziako lehen ministro Edouard Philippek etorkinekiko neurriak areago zedarritu ditu
  • Parisko Gobernuak neurri berriak hartu ditu migratzaileen nondik norakoen gainean kontrol zehatzagoa ezartzeko. Frantziako lehen ministro Edouard Philippek asteazkenean aditzera eman zuenez, gobernuaren plan politiko berriak “migrazio politika hobetuko du”.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko azaroaren 07a
Edouard Philippek gidatzen duen gobernuak urte amaierarako jarriko ditu indarrean neurri berriak.

Funtsean, Frantziako eskuinak aspaldi eskatu zuen “kontrol politika zorrotzagoa” ezartzeko pauso bat eman du Macron presidentearen exekutiboak. Frantziako gobernu liberalak migratzaileak “kontrolatzeko” neurri sistema berria ezarriko du apurka-apurka.

Macronen hitzaldietan sarritan agertzen den argudioa hauxe da: “Iruzurra eta gehiegikeriaren aurkako borrokatu behar dugu gogor”. Frantziar sindikatuek eta herri mugimenduek diotenez, Philippen gobernuak “argudio” hori “aitzakia” gisa hartu du eta Frantziako politika migratzaileari hainbat kuota ezarriko dizkio.

Kuota horiek lan baldintzetan neurri zorrotzak ezarriko dituzte, eta bereziki “paperik gabekoek” eta “errefuxiatuek” lanerako kontrol are gogorragoak jasanen dituzte. Neurri berri horiek emigranteen osasunari dagozkio. Hau da, egoera irregularrean dauden etorkinek nekez izanen dute osasun zerbitzu gutxienekoa. Hiru hilabete iragan arte, orain arte ez bezala, etorkinak ez litzateke artatuak ahal izan. Larrialdi egoera mutur-muturekoan baino ezin izanen dute osasun zerbitzu gutxienekoa baliatu.

Frantziako Gobernuaren asmo politiko berri hauek ezinegona eragin dute ezkerreko alderdi politikoetan, baita Macronen beraren alderdiko sektore batzuetan ere. Halaber, neurri berri horiek Euskal Herrian berebiziko eragina izanen dute, Ipar eta Hegoa Euskal Herriaren arteko mugetan kontrolak indartu eginen baititu Parisko Gobernuak.

Plan politika berri horretako neurriak urte amaierarako jarriko ditu indarrean Edouard Philippek gidatzen duen gobernuak.