argia.eus
INPRIMATU
Frantziako laborategi batek dio txertoa lortzen badu AEBek izango dutela lehentasuna eta polemika piztu du
  • Txertoaren ikerketarako finantzazio gehien AEBek jarri dutenez, txertoa lortuz gero lehentasuna eurek dutela esan du Frantziako Sanofi laborategiak, eta Frantziako Gobernuaren haserrea piztu dute adierazpenek. Merkatuaren logikan mantendu daiteke bizitzak salbatuko lituzkeen txertoa?

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 14a

Sanofi laborategiko zuzendariaren adierazpenak “onartezinak” direla erantzun du Frantziako Gobernuak eta COVID-19aren kontrako txertoak “munduko ondasun publikoa” izan beharko lukeela, txerto hori eskuratzeko herritar guztiek eskubide bera izan beharko luketela.

Sortu duen zalaparta ikusita, ñabardurak egin ditu Sanofi konpainiak eta ziurtatu du denentzat eskuragarri izango litzatekeela txertoa; AEBetan bertan ekoitzitakoa litzatekeela estatubatuarrentzat, eta hortik aurrera ekoizten dutena Europara eta nazioartera bideratuko luketela.

Frantziako Gobernuak dagoeneko iragarri du laborategiko nagusiekin bilduko dela, datorren astean bertan.

Eztabaida mahai gainean: zeinentzat izango da txertoa?

Txertoa lortzen duen laborategiak ezingo du, hasieran behintzat, mundu guztiarentzat adina produzitu. Beraz, nondik hasiko dira? Zeinek du lehentasuna? Epidemiak gogorren jo duen herrialdeak? Lortu duen herrialdeak? Dirua inbertitu duenak?... Horren inguruko gutuna sinatu dute nazioarteko hainbat pertsonaia entzutetsuk (tartean dira lehen ministroak, agintari ohiak eta Nobel sarituak), ohartaraziz erakunde eta gobernu aberatsenen interesak ezin direla jarri bizitzak salbatzeko behar unibertsalaren aurretik, eta merkatuaren logikatik at utzi behar dela txertoa. “Txertoa eta tratamendua ondasun publiko global gisa ulertzea da gizateria osoaren alde egitea; ezin dugu onartu tartean sartzea monopolioak, lehia hutsa edo nazionalismo itsua”, gaineratu dute gutunean.