argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Konstituzioak jasoko du “aborturako askatasuna bermatzea”
  • Senatuaren babesa jaso zuen joan den ostegunean, eta Kongresuak berretsi du astelehenean konstituzioaren aldaketa agintzen duen neurria. Frantzia da konstituzioan abortu eskubidea "bermatzen" duen munduko estatu bakarra.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko martxoaren 05a

Duela 50 urte onartu zuen Frantziak abortu eskubidea, baina ez zuen orain arte konstituzioan barnebildu, nahiz saiakerak egon. Duela urtebete sartu zuen Senatuak izapideetara abortua konstituzioan jasotzeko testu bat, zeinak ordura arteko "eskubide" terminoa "askatasun" hitzaren ordez ordezkatzen zuen.

Ostegunean onetsi zuen Senatuak "abortuaren askatasuna bermatzeko" konstituzio-aldaketa, eta astelehenean Asanblea Nazionalak eta Senatuak bilkura bateratua egin dute. Behin betiko oniritzia eman diote proposamenari. 780k bozkatu dute, eta horietatik 580 izan dira aldeko boto.

Lan luzea izan dela gogoratu zuen joan den ostegunean Mélanie Vogel senatari ekologistak: "Lan hau abiatzerakoan, ezinezkoa izanen zitzaigula erraten ziguten guztiek. (…) Ahots erreakzionarioak indarra hartuz doazen honetan, bidea ireki dugu: segur naiz europar herrietako beste emakume batzuk abiatuko dituztela gisa bereko borrokak". Era berean, Justizia ministro Eric Dupond-Moretti-k "historikotzat" jo du bozketa.

Oro har pozik, baina bermea exijitu

Kolektibo feministek, oro har, txalotu egin dute bozketa. Frantziako Emakumeen Fundazioak, esaterako, "garaipen kolektibo" gisa ulertzen du araudi aldaketa. Abortu eskubidearen eta askatasunaren aldeko borroka iparrorratz duen Planning Familial elkartea ere pozik agertu da.

Dena den, zenbait kolektibok zehaztu dute Konstituzioan jasotzeak ez duela zertan bermatu aborturako eskubidea. Esaterako, Baionako Manifeministen Kolektiboak M8ko mobilizazioetarako aldarrien artean jaso du "elkarrekin altxatzea beharrezkoa" izango dela hala eta guztiz ere. "Bat egin dezagun, eta eska ditzagun oinarrizko baliabideak hori gauzatu ahal izateko; abortu eskubidea behar den tokian bermatzea nahi dugu, medikuek duten abortuaren inguruko kontzientzia objekzioa bertan behera uztea,  laguntza bidezko ugalketa denentzat eta kontrazepzio maskulinoa eta femeninoa urririk guztiontzat".