Lege egitasmoak jasotzen dituen 86 neurrietatik 32 indargabetu ditu, hala nola familia batzeari jarritako oztopoak eta egonaldi irregularraren delitua. Eskuin muturraren bultzadarekin onartu zen legea.
Iragan abenduan onartu zuen Frantziako Asanblea Nazionalak Immigrazio Lege berria, eta ordutik, lege egitasmoak jasotzen dituen neurrien inguruko dozenaka eztabaida piztu dira. Ostegunean, baina, Frantziako Konstituzio Kontseiluak atzera bota ditu Immigrazio Lege berriaren neurririk polemikoenak. Orotara, 32 artikulu gaitzetsi ditu, osorik edo partzialki: lege osoaren herena baino gehiago, alegia.
Atzera botatako neurrien artean daude, besteak beste, familia batzeari jarritako oztopoak; egonaldi irregularraren delitua; gizarte-prestazioetarako sarbidea gogortzea; ikasle atzerritarrak izateagatik fiantza bat ordaintzeko betebeharra; edo “lurzoru-eskubidea” izenekoaren murrizketak.
Lehenago ere, Batzar Nazionalak atzera bota zuen Gobernuaren lehen erreforma-proposamena, eta orain, araua zentsuratzeko erabakia “Macronek bultzatutako aldaketa berrien ondorioz” hartu dutela jaso du Público hedabideak. Izan ere, Macronek “ez zuen lehen unean onartzeko behar zen gehiengoa lortu”.
Berehalako erreakzioak
Gerald Darmanin Barne ministroak lehen erantzun batean adierazi duenez, txalotu egin du Konstituzio Kontseiluak “Gobernuak sustaturiko testua bere osotasunean aintzat hartu izana”. Gaineratu du inoiz testu batek ez duela jaso “horrenbeste bitarteko aurreikusi gaizkileak kanporatzeko”.
Eskuin muturra, ordea, ez da iritzi berekoa, uste baitu Konstituzio Kontseiluak “mesede” egin diela Macron eta gobernua osatzen duten gainerako indarrei. RN Batasun Nazionalaren bozeramaile Jordan Bardellak “epaileek emandako kolpetzat” jo du Konstituzio Kontseiluaren erabakia, eta esan du Macron dela gertatutakoaren erruduna.