argia.eus
INPRIMATU
Frantziako kolonialismoa, turismoa eta koronabirusa Martinikan
  • “Besteen bizitza arriskuan jartzea, arriskuan dagoen jendea ez laguntzea eta inkluso, homizidioa”. Gogor mintzo da Assaupamar erakunde ekologista Martinikan Frantziako Gobernuak koronabirusari aurre egiteko erakutsitako “axolagabekeriaz”. Ekologistek eta MIR taldeak (Erreparazioen aldeko Nazioarteko Mugimendua) Macronen gobernuaren aurreikuspen falta eta geldotasuna salatu dituzte.

Axier Lopez @axierL 2020ko martxoaren 26a
Gurutzaontzi turistiko bat Martinikako hiriburu Fort-de-Francen. Argazkia: Cruisemapper

Martinika, Karibe itsasoko uharte hau, legez Frantziako eskualde bat bada ere, koronabirusaren garai hauetan agerian uzten ari da metropolia eta urrutiko lurraldeen arteko ohiko harreman koloniala. “Ez dira arrazoirik falta aginte publikoen aurkako salaketa penala jartzeko, Martinikan koronabirusa ez hedatzeko aurreikuspen falta, interes eza eta geldotasuna erakutsi du Parisek”, diote.

Zigor penalak eskatzen lehena MIR taldea izan da. Haren egitekoa da Frantziako Estatua itsasoz gaindiko bere menpeko lurraldeekiko duen joera “arrazista eta koloniala” salatzea.  Martxoaren 21ean salaketa jarri zuen epaitegietan osasun ministro Agnès Buzyn, Edouard Philipperen lehen ministroa eta Emmanuel Macron beraren aurka.

Assaupamar taldea ekologistak ere prest du bere salaketa. Kasu honetan jo-puntuan jarri dituzte Frantziako Osasun Zuzendari Orokorra eta haren ordezkoa Martinikan. Abokatu talde bat antolatu dute horretarako eta adierazi dutenez, koronabirusak hil duen lehen pertsonaren familia ere bide legalari ere ekitea aztertzen ari da.

Turismoaren birusa

Eskutik doan bikotea da Karibeko uharte honetan. Otsailean, uhartean epidemiaren lehen fasean sartuta zirela, turistaz betetako hegazkin eta itsasontzien etorrera ohikoa bezain handia izan zela salatzen dute.

“Agintariak beti pauso bat atzean izan dira hemen. Frantziako Errepublikak ahaztutako jendea nonbaiten bada, hemen da", dio Alex Ursuletek, Assaupamar taldeko abokatuetako bat.

Liberation egunkariak protagonistekin hitz egin du artikulu honetan. MIR mugimenduko presidente Garcin Malsak egunkariari adierazi dionez, "birusaren kontua larria zela ohartu bezain laster, ahal genuen guztia egin genuen gurutzaontzi turistikoak beste leku batera joan zitezen ziurtatzeko. Baina martxoaren 15era arte agintariek ez dute loturak eten”.

Assaupamarreko presidenteorde Rosalie Gaschette haserre mintza da honetaz: "Herritarrak saiatu ziren agintari publikoak behartzen kutsatuta egon zitezkeen gurutzaontzietako bidaiarien etorreraren aurrean arreta neurriak ezartzera, baita Italiako turisten kasuan ere. Debekuaren aurreko egunean, itsasontzi batek bidaiariak lehorreratzen jarraitzen zuen, ontzian kutsatutako jendea zuela. Kontu hau eztabaida politiko bezala aurkeztu dute komunikabideek, baina delitu larria dirudi".

Lehen biktima

Birusaren lehen biktima, 84 urteko emakume bat martxoaren 20an hil zen. Bere alabak kutsatu zuen, Martinikara gurutzaontzi batean etorri zenean bera bisitatzera. Kutsadura kasuak, gehienbat gurutzaontzietako bidaiariek eragindakoak, martxoaren hasieran agertu zirela, diote  salaketa jarri duten taldeek.

Stanislas Cazelles da Martinikako prefeta izendatu berria. Otsailaren 24an hartu zuen kargua eta Paristik zuzenean iritsi zen irlara, atzerri kontuetarako Emmanuel Macronen aholkulari izan baitzen. "Aurreko prefeta Korsikara bidali zuten, eta han, haren lehen erabakia izan zen gurutzaontzien etorrera debekatzea“, dio ironiaz Garcin Malsak.