argia.eus
INPRIMATU
Frantziako kartzeletako gainpopulazioa bukatzeko neurriak eskatu ditu Kartzelen Ikuskari Orokorrak
  • Abuztuaren 1ean 74.237 preso ziren 60.000 lekurentzat, 179 presondegitan banaturik. Baionako kartzelak, demagun, 75 leku ditu eta 135 preso daude gaur egun bertan. Gainpopulazio horren ondorioak zerrendatzen ditu bere oharrean CGLPL Frantziako Kartzelen Ikuskari Orokorrak: duintasunaren ahultzea, intimitate falta, artaren txartzea, jardueren eskasia eta beste.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko irailaren 14a
Frantziako presondegi baten argazkia. Argazkia: Cglpl

Ez da lehen aldia Frantziako Estatua kritikatua dela bere kartzelen egoera kaskarragatik. Irailaren 14 honetan CGLPL Frantziako Kartzelen Ikuskari Orokorrak dio abisua luzatu: "Kartzeletako gainpopulazioa dela eta, 2012az geroztik egindako egiaztapen guztiek argi uzten dute, eta are gehiago [Covid-19] osasun krisiaz geroztik, alde guztietatik direla presoen baldintzak txartzen ari, baita presondegiko langileenak ere".

Abuztuaren 1ean 74.237 preso ziren 60.000 lekurentzat, 179 presondegitan banaturik. Baionako kartzelak, demagun, 75 leku ditu eta 135 preso daude gaur egun bertan. Beste batzuetan egoera are okerragoa da: okupazioa %200koa da hamar presondegietan; horrek erran nahi du aterpetua izan beharraren doblea dagoela bertan.

Datuei hurbilagotik begiratuz gero ikusi dezakegu ekainaren 1ean 72.067 pertsona zirela preso. 2.000 baino gehiago dituzte preso sartu azken bi hilabeteetan. Kontuan hartu beharrekoa da justu ekainaren 27an Poliziak hil zuela 17 urteko Nahel Merzouk gaztea eta horrek matxinadak piztu zituela Frantziako Estatu osoan. Haserreari errepresio bortitz baten bidez eta inolako elkarrizketarik gabe erantzun zion Parisek: orotara 4.000 atxiloketa zortzi egunez, erdia baino gehiago epaiturik eta 1.800 kartzelara kondenaturik berehala. Horrek argiki erakusten digu Parisek fermuki loturik segitzen duela kartzela-zigorrari, nahiz eta jakin lekuak eskas dituela.

Arazoari aurre egiteko asmoz, hemendik 2027ra 15.000 leku gehiago sortzeko engaiamendua hartua du Frantziako Gobernuak. Azken 30 urteetan 30.000 leku izatetik 60.000 izatera pasa da.

Gainpopulazioak dakarrena

Kartzeletako gainpopulazioak dakarrena zerrendatzen du CGLPL Frantziako Kartzelen Ikuskari Orokorrak bere oharpenean: "Atxilotutako pertsonen duintasuna ahultzen duen promiskuitatea ezartzen du, haien pribatutasuna ahultzen duena, higienerako sarbidea oztopatzen duena eta, larriagoa dena, artarako sarbidea ere oztopatzen duena. Eraginkortasunik gabe uzten ditu legeak espetxe-administrazioari esleitzen dizkion birgizarteratze-helburuak, [...] hezkuntza eta lanbide-prestakuntza oso bakanak dira, jarduerak ez dira nahikoak, batez ere ordaindutako lanaren eskaintza". Iraunez gero, funtzionamendu kaskartuak "norma" izaten bukatzen duela deitoratzen du oharrean, kartzela batzuetako errealitatea adibidetzat hartuz.

Frantziako Estatuko presoen baldintza "iraingarriak" salatu zituen uztailean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Aurretik ere zigortu zuen, 2020ko urtarrilean, arrazoi berarengatik.