argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Immigrazio Legea: osasun arreta hari batetik zintzilik
  • Azkenean, ez dute indargabetu egoera irregularrean dauden herritarrek baliatzen duten Estatuko laguntza medikoa. 2024an erreformatzeko asmoa du, ordea, eskuinak. Hala egiten badute, milaka sendagilek aurreratu dute erabakia desobedituko dutela.

ARGIA @argia 2023ko abenduaren 22a

Aurélien Rousseau Frantziako Osasun ministroak abenduaren 20an dimisioa aurkeztu zuen. Frantziako Asanblea Nazionalak Immigrazio Lege berria onartu zuen abenduaren 19an. Rousseau ministroak haren desadostasuna agertua zuen legearen edukiari zegokionez. Hurrengo egunean utzi zuen kargua.

Rousseau, batez ere, egoera irregularrean dauden atzerritarrei osasun-laguntza ematen dien Estatuko laguntza medikoa (AME l’aide médicale d’Etat ) indargabetzearen aurka agertu zen. Azkenean, abenduaren 19ko bozketan, laguntza bertan behera ez uztea erabaki zen. Asmoa zen Estatuko laguntza medikoa ezabatu eta larrialdietarako laguntza abiatzea. Dena den, exekutiboak adierazi duenez, 2024an egingo dute erreforma eta orain arteko Estatuko laguntza medikoa desagertuko da.

Estatuko laguntza medikoa 2000. urtean jarri zen indarrean. Egoera irregularrean dauden atzerritarrei laguntza medikoa eta ospitaleetan artatzeko aukera ematen die. Zainketen %100 jasotzeko eskubidea dute, gastuak aldez aurretik ordaintzetik salbuetsita, beti ere Gizarte Segurantzaren tarifaren mugaren barruan.

Larrialdietarako laguntza medikoa indarrean jarriko balitz, osasun arreta murritzagoa litzateke. Laguntza sistema horren oinarria hau litzateke: gaixotasun larri eta min akutuen tratamendua, profilaxia, haurdunaldiarekin lotutako arreta, txertoak eta prebentzio-medikuntzarako azterketak. Frantziako eskuinak aspalditik nahi du halako erreforma bat egin. Gaur egun dagoen osasun-arta sistemaren ondorioz, atzerritik jendea Frantziara osasun zerbitzuak baliatzera joaten dela azpimarratzen dute.

3.500 sendagileren mehatxua

Azaroan 3.500 medikuk adierazpen bat sinatu zuten. Desobeditzeko asmoa zuten, baldin eta paperik gabeko pazienteak beren beharren arabera doan artatzen jarraitzea ez bazuen bermatzen estatuak. Alegia, orain arteko arta sistema kendu eta larrialdietarakoa onartuko balute, gaixoak artatzen jarraituko zuketen. Proposatutako neurria astakeria etiko, sanitario eta finantzariotzat jo dute.

Dimititu berri duen Rousseau ministroak berak esana zuen egoera irregularrean dauden herritarrei lehen arreta ukatuz gero ospitaleak jendez beteko liratekeela. Adierazpena sinatu duten medikuek adierazi dute haien ateak “zabalik izango direla bertakoentzat eta kanpokoentzat”.