argia.eus
INPRIMATU
Espainiako hauteskundeen aurrerapena
Frantziako hedabideetan ia oharkabean pasa da iragarpena
  • Pedro Sanchezek goizeko 10:00etan iragarri du Espainiako hauteskunde orokorrak apirilaren 28an izanen direla. Frantziako hedabideetan, telebista kateetan –Fr2, LCI, France24 News–, 13.00etan, Espainiako aktualitate politikoa aztoratu duen berria oharkabean "pasa da" Frantzian.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko otsailaren 15

Frantzian, handi-handika, Txaleko Horien eta Emmanuel Macron presidentearen arteko tirabirek betetzen dute aktualitate politikoa. Horren ondorioz, Macronen inguruko bozen inkestaren gorabeherak dira aktualitateko lehen berria. Inkestek diotenez, iragan astean, Macronek frantziar gehiagoren atxikimendua irabazi du.

Goiz honetan, auzitegiak (txandako parquet entzutetsuak) Éric Drouet-en afera ebatzi du. Txaleko horien partaide hau zigortua izan da, Macron berriz zeharka laudatua izan da eta azken hilabetetan galdu duen herritarren sostengua bereskuratzen ari da. 

Macron eta Txaleko horien arteko hamaikagarren tour de force izanen da bihar larunbatean, Parisen, baita hainbat hirietan ere. Larunbatero ohi denez.

Egunkariak, emeki-emeki, ari dira azaltzen labur-laburrean, Espainiako Gobernuaren jarduneko presidenteak egindako iragarpena. Liberation-ek eta Le Monde-k, doi-doia. Sud-Ouestek ere bai. Behe-beherean, bazter batean. Macron buruan buru, betiere. Alabaina, Christophe Chalençon txaleko horiaren arabera, “paramilitarrak” prest daude “boterea” erorarazteko. 

Espainiako aktualitate politikoa ez da frantziarren interesekoa. Garai batean bai, Europar Batasunean sartzeko. Baina, betiere, akolito gisa.