argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Gobernuaren “Segurtasun globala” deitu lege proposamenaren kontra mobilizatu dira Baionan
  • Lege proposamen horrek kazetarion hainbat askatasun zangopilatzen ditu. Azaroaren 20an izan zen Legebiltzarraren lehen bozketa eta 146 agertu dira alde, 24 kontra.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 23a

Laurehun bat lagun batu ziren larunbat arratsaldean, Baionako Herriko Etxe aitzinean. Frantziako Gobernuak landuriko "Segurtasun globala" izeneko lege proposamenaren kontra. Pasaz gero, testu honek modu arriskutsuan murriztuko luke prentsa askatasuna. Hain zuzen, 24. artikuluak kazetariei debekatzen die poliziaren ala militarraren aurpegia gorde gabe ematea honen indarkeriaren berri. Ez litzateke kazetarion eskubideen zangopilatze bakarra: Manifestazioa bukatzeko manua eman bezain laster kazetariek ere beharko dituzte lekuak hustu, lege-proposamen berri horri segi. "Lekuak husteko manua eman ondoren bertan gelditzeak dakarren delituak ez du salbuespen bakar bat ere, balio du kazetarientzat eta elkarteetako kideentzat ere".

Kazetariekin elkartasunez ehunka lagun bildu ziren beraz Baionan zein Frantzia deitu lurraldeko beste hainbat hiritan ere. Oihukaturiko aldarrien artean, baita hitzartzeetan ere –antolatzaileek mikrofonoa nahi zutenei utzi zieten– denetarik entzun zen: noski, kazetarien askatasunaren aldekoak baita ere, konfinamenduaren kontrakoak.

Legea aplikatzen hasiak dira

Parisen ere manifestatu ziren azaroaren 20an, hots, Frantziako Legebiltzarrean lege-proposamenaz eztabaidatzen ari zirelarik. Lehen bozketa horretan 146 diputatu agertu dira alde, 24 kontra. Errepresio bortitzez erantzun zien poliziak bertaratuei eta noski, kazetarien lana ederki oztopatu ere zuten. 70 bat kazetari, komunikabide ezberdinetakoak batu eta inguratu zituzten, kazetaritza lana geldiaraziz. Kazetarien atxiloketak egon ziren ere.