argia.eus
INPRIMATU
Kexua areagotu du erretreten erreforma Frantziako Legebiltzarraren bozketarik gabe pasarazteak
  • Frantziako Konstituzioko 49.3 artikulua aktibatzeko erabakia hartu du Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak. Hori horrela, Legebiltzarreko eztabaidak eta bozketa saihestu ditu gobernuak. Aurkariek aurkeztu zentsura mozioak bozkatuko dituzte astearte arratsaldean diputatuek. Florence Lasserre Errepublika Martxan alderdiko diputatuaren bulegoaren okupazioa hasi du LAB sindikatuak.

     

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko martxoaren 03a
Edouard Philippe Frantziako lehen ministroa

Parlamentuaren baitako eztabaida eta bozketarik gabe aitzina eramanen du Frantziako Gobernuak erretreta erreforma. Konstituzioaren 49.3 artikulua baliatu du diputatuen bozketarik gabe pasarazteko erreforma. Erabaki horren berri eman zuen otsailaren 29an Edouard Philippe lehen ministroak. Noski, aurkarien kexua areagotu du erabakiak, demokraziarekin gutxi errimatzen duelako Parlamentua saihesteko bide horrek.

Haserrea entzunarazteko ekintza egiten dabil LAB sindikatua. Hain zuzen, Florence Lasserre Errepublika Martxan alderdiko diputatuaren bulegoak okupatzen dabiltza hainbat sindikalista. Txio bidez eman du Eñaut Aramendi LABeko kideak 24 orduko okupazioaren berri. "Biztanle guztiak hunkitzen dituen legea bortxaz pasatu izana ez da onargarria", haren hitzetan.

 

49.3 artikulua aktibaturik, erretreten sistema erabat aldatuko duen erreforma oztopatzeko aukerak askoz murritzagoak ditu oposizioak. Aukera bakarra dute aurkariek: zentsura mozioa. Bi zentsura mozio iragarri ditu oposizioak. Bata, ezkerreko Frantzia Intsumisoak, Alderdi Sozialistak eta komunistek aurkezturikoa, elkartasunean oinarrituriko sistemaren alde doana. Bestea, Errepublikanoena, Philippek aurkezturikoa baino antisozialagoa eta pribatizazioaren alde oraindik gehiago joango liratekeen erreforma baten alde delako eskuina. Martxoaren 3aren arratsalde bukaeran aztertuko dituzte zentsura mozioak. Eztabaidak luze jo beharko luke. Baina, edonola ere, Emmanuel Macronen Errepublika Martxan-ek gehiengo osoa du mozio horiek gainditzeko.

Hala eta guztiz ere, Errepublika Martxan taldearen baitan ere desadostasuna sortu du 49.3 artikuluak. Taldetik atera dira behintzat bi diputatu eta senatari bat. “Trakeskeria segida batean gara. Puntaren punta 49.3 artikulua dugu, larunbat gau batez, koronabirusaren epidemia giroan, kasik isil-gordezka harturikoa”, deitoratzen du taldetik atera den Errepublika Martxan-eko Michel Amiel diputatuak.

Kalean mobilizazioa aitzina

“Gibelatze soziala” dakarren erreforma horren kontra mobilizatzen segitzeko gogoa dute CGT, CFE-CGC, FSU, FO eta Solidaires sindikatuek. Lizeoetako FIDL, UNL eta MNL erakundeek baita unibertsitateetako ikasle sindikatuek ere dute borrokan segitzeko asmoa. Mobilizaturik segitzen du LABek ere Ipar Euskal Herrian. Intersindikalak finkaturiko ondoko greba eta mobilizazio eguna: martxoaren 31a. Irabazteko aukerak murritzak direla jakiteak eragina du mobilizazioan segitzeko determinazioan. Ageriko da martxoaren 31an zer nolako indarra daukan abenduaren 5ean jendetsu eta determinazioz beterik abiatu zen mugimendu sozialak. 

Karrikaz gain, Finantzari buruzko konferentzian ere eragin dezakete sindikatuek. 2027rako pentsio kutxen oreka finantzarioa lortzeko proposamenak plazaratzeko leku izan nahi du gune horrek. “Negoziaketa askatasuna zangopilatuta” dagoela deitoraturik, FO sindikatuak alde egin du konferentziatik aste hastapen honetan. Dionaz, gobernuak jarri baldintzak "onartezinak" dira. Adibide bat ematearren, lan kostuaren emendioa ekarriko luketen neurriak debekatuta dauzka, hots, kotizazioen emendiorik ezin dute proposatu. Otsailaren 18az geroztik dabiltza negoziaketetan Finantzari buruzko konferentzia-ren baitan baina tentsio handiko gunea dute. Bertatik ateratzeko mehatxua luzatu du CGTk ere.

Testua Senatura helduko da orain eta fase horretan ere desadostasuna entzunarazteko determinazioa dauka oposizioak. Erreformaren lehen irakurketaren bozketa martxoaren 15 eta 22an iraganen diren herrietako hauteskundeak aitzin nahi du Philipperen gobernuak.