Baionan lehenengo, Donibane Garazin ondoren, elkarretaratzeak egin dituzte merkatari txikiek, “denak hetsiak edo denak idekiak” lelopean. Amazon eta enparauek trabarik ez duten bitartean, tokiko merkataritza itotzen ari direla salatu dute eta Frantziako Gobernuaren aginduaren kontra, egun batez dendak irekitzea pentsatzen ari direla aurreratu du Biarritzeko merkataritza bulegoko lehendakariak.
Distantziak mantenduz eta maskarak jarrita, dendari txikiek lan egiteko aukera aldarrikatu dute beste behin. Merkataritza txikiak duen balioa eta egiten duen lan soziala nabarmendu dute, pandemia egoera honetan “alimaleko esfortzua” egiten ari direla, baina agintarientzat ez direla esentzialak.
Hala, abenduaren 4rako desobedientzia ekintza bat ari dira aztertzen: dendak irekitzea. Biarritzeko merkataritza bulegoko lehendakariak dio ez dutela legez kanpo aritu nahi, “baina ez digute beste biderik uzten”.