argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Gobernuarekin harremanak hautsi dituela jakinarazi du Seaskak, irakasle gehiago izatea eragozten diolako
  • 230 ikasle gehiago izango dituzte Seaskako ikastolek datorren irailetik aurrera. Irakasleen kopurua, ordea, ez da neurri berean haziko: Frantziako Hezkuntza Ministroak esan du egungo irakasleekin egin beharko diotela aurre datorren ikasturteari. Mobilizazioak iragarri dituzte gobernuaren erabakia gaitzesteko. Lehena maiatzaren 4ean izango da.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko apirilaren 03a
Kaxu! Ikastola Kexu! lelopean egin dute elkarretaratzea herriko frontoian. Irudia: @euskalirratiak

Agerraldia egin dute Saran Seaskako arduradunek Frantziako Gobernuaren erabakiaren berri emateko. Paxkal Indo Seaskako presidenteak egoera “jasanezina” dela nabarmendu du, eta deialdiaren helburua fokua hiru arlotan jartzea dela berretsi du: egoera salatzea, Hezkuntza Ministerioarekin harremanak hautsi dituztela azaltzea eta mobilizazioetara deitzea.

Hasiera batean 4,5 postu gehiago hitzeman zizkien Pierre Barriere Pirinio Atlantikoetako Akademia ikuskariek ikasturte berrirako Seaskako arduradunei. Martxoan, aldiz, iritziz aldatu dutela nabarmendu du Indok, azken bileran beraientzat irakaslerik ez dutela jakinarazi zietenean. Ordutik eten egin dituzte negoziaketak Frantziako Gobernuarekin. Kalkuluen arabera, 25 irakasle berri beharko lituzkete euren ikastola, lizeo eta kolegioen beharrizanei egoki erantzuteko.

Ipar Euskal Herriak hezkuntza arloan ere egitura propioa behar duela aldarrikatu du Seaskako presidenteak. “Hitzarmen bat baino gehiago, Akademia ikuskari propioa behar dugu, euskal hezkuntzaren beharrei erantzuteko”. Herri Urrats arte mobilizazio aro bat irekiko du Seaskak, tokian tokiko ekintzekin, eta horietan parte hartzera deitu du.