Frantziako Gobernuak baiezkoa eman dio Bordele-Akize eta Bordele-Tolosa (Okzitania) abiadura handiko trenaren linea berriaren proiektuari, Alain Vidal garraio ministroak azaldu duenez.
Joan den martxoan inkesta publikoen batzordeak aditzera eman zuenez AHTaren bi zati horiek ez ziren bideragarriak.
Victor Pachon CADE ingurumenaren defentsarako elkarteen kolektiboko kideak Frantziar politikariei aurpegiratu die “inkesten gainetik pasatzea”. Pachonek esan duenez auzitara joko du elkarteak, “mobilizazioetan ez ezik borroka juridikoan ere hasi beharko baikara”.
Alain Rousset Akitaniako presidente sozialistak, bestalde, begi honez ikusi du albistea: “AHTaren proiektua oso berri ona da Akitaniarentzat”.
Ipar Euskal Herrian Akizetik Hendaiarako zatiko lanak hasi ere ez dira egin, eta tarte hau egin ala ez erabakiko lukeen inkesta publikoa ez da oraindik abiatu. Hala ere, abiadura handiko proiektuaren aurkakoak beldur dira, Bordeletik Akizerakoa zatia egiten bada, Akize eta Baiona artekoa egitea ere erraztu egingo duelako.
Proiektuaren kostea 8.300 milioi eurokoa da Le Figaro-k argitaratu duenez. Hipotesien arabera, 2024an Bordele-Akize tartea amaituta egongo da eta 2027an Bordele eta Tolosaren arteko zatia irekiko dute.