argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Gobernuak polizien grabazioa mugatzen duen lege proposamena aldatuko du
  • Pausu bat atzera eman du Frantziako Gobernuak polizien irudiak grabatzea mugatzen duen "Segurtasun globala" deitu lege-proposamenari dagokionez eta berridatzi egingo duela aitortu du. Hala ere, ez du inolako zehaztapenik eman edukiari zein moldaketei dagokionez.

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko abenduaren 01a
Argazkia: Eitb.eus

Frantziako Gobernuak iragarri du poliziarekin izandako istilu eta polemiken ondorioz, "Segurtasun orokorra" deitu lege proposamenaren 24. artikulua berrikusiko duela. Jakinarazi duenez, artikulu polemikoa berridatziko dute. Artikulu honek kazetariei zein argazkilariei azkarki mugatzen die poliziaren gehiegikeriak grabatzeko eta zabaltzeko bidea.

LREMren talde parlamentarioaren presidente eta Barne ministro ohi Christophe Castanerrek eman du horren berri. Hala eta guztiz ere, ez du zehaztu zer nolako aldaketak bideratuko dituzten. Gainera, ez du oinarrian dagoen arazoari buruzko oharrik egin: ez du polizia gehiegikeriei buruz adierazpenik egin.

Kazetarien eta giza eskubideen aldeko erakundeen haserrea areagotu zuen azaroaren 24ko lege proposamenaren lehen irakurraldian Legebiltzarrak alde bozkatu izanak. Azken egunetan hainbat mobilizazio egon dira testu horren aurka.

Gainera, poliziei egindako grabazioen inguruko polemika areagotu egin zen pasa den astean, komunikabideei esker, behin eta berriz poliziaren indarkeriaren berri ematen zelako. Adibidez, etorkinen akanpamenduaren aurka bideratu gehiegikeriekin edota hiru poliziak Michel Zecler gizon beltzari Parisen emandako jipoia grabatu zuten kameren irudiek.

Legearen 24. artikuluak bere horretan polizien irudiak sare sozialetan zabaltzea zigortzen zuen, "fisikoki edo psikologikoki ez kaltetzeko". Castanerrek aitortu du "zalantzak" daudela testu horren inguruan, gaineratuz "ulertezintasuna dagoenean, entzuten jakin behar" dela. 2021ean iritsiko da Frantziako Senatura "Segurtasun Orokorra" deitu lege-proposamena.