Azaroaren 12an bere artaldeak hartz arre baten erasoa jasan zuela salatu zuen Nafarroako Uztarrozeko hazle batek. Antza denez, urriaren 4 eta 5a bitartean, Frantziako Gobernuak Esloveniatik ekarri eta Pirinioetan askatu zituen hartzeko bat izan da erasoaren egilea.
Frantziako Gobernuak urriaren 4 eta 5ean Zuberoa eta Biarno mugako Aspe eta Ossau haranetan askaturiko hartzetako batek, Nafarroako Pirinioetan artalde bat erasotu duela azpimarratu dute basozainek. Hartzaren erasoak ardi bat hil du gutxienez.
Nafarroako Gobernuko iturriek adierazi dute, hasieratik Frantziako Estatuak “beharrezko” informazioa eskaini dien arren, hartzen mugimenduak aurreikusi eta prebentzio neurriak hartzea “oso zaila” izan dela.
Uztarrozeko hazleak bere artaldeak jasandako erasoa salatu ostean, hartzen lurreko jarraipena egin eta laborarien babes propiorako abisuak aurrez pasatzeko protokolo bat jarri dute abian gobernutik. Ildo beretik, Paueko prefektua eta trantsizio ekologiko eta solidarioaren ministerioari “berehalako” bilera bat egiteko ere eskatu die, hartu beharreko neurriak adosteko.
Esloveniatik ekarritako bi hartzak Nafarroako Pirinioetan askatzeak inguruko laborari eta tokiko politikari ugariren haserrea eragin du, hartzen presentziak artzaintzari “kalte” egiten diotela azpimarratuz.