20. mobilizazio ekitaldia iragarri dute Jaka Horiek. Bihar, martxoaren 23an, manifestazioen inflexio puntua izanen delakoan daude herritar eta politikari asko. Frantziako Gobernuak baimenik gabeko manifestazioak eta "istilu sortzaileak" zigortzeko neurri bereziak hartu ditu.
Iragan larunbatean Parisko Eliseoetako hainbat eraikin sutan jarri zuten –saltokiak eta bankuak, besteak beste– Jaka Horiek deitutako mobilizazioetan. Frantziako lehen ministro Edouard Philippek adierazi duenez, Gobernuak jakinarazi gabeko manifestazioetan parte hartzen duten pertsonak gogor zigortuko ditu.
Jaka Horiek aldiz, Errepublikaren markoan legez manifestatzen den mugimendu gisa aldarrikatzen dute euren burua. Alabaina, jaka horiek beraiek istilu-sortzaileen aurkako neurriak hartzera “gonbidatu” ditu Frantziako Gobernuak, hala nola, Asanblada Nazionaleko oposizioan ari diren alderdi politikoetako diputatuek nahiz senatariek.
Edouard Philippe halaxe mintzatu da azken istilu gogorren ostean: “Erreboltarien metodoak aldatu dira, beraz, agintariok ere haien aurkako erantzuna aldatu beharrean gaude”.
Astean barrena zenbait neurri iragarri du gobernuak. Futboleko ultren aurka erabili ohi dituen metodoak erabiliko ditu larunbat honetan Parisen. Istilu-sortzaileak identifikatu eta berauek klasifikatzeko “sistema” bat eratu du.
Gisa horretara, fitxatutakoak manifestazioetan sartzea debekatu ahal izanen dute: “Istiluak eragiten dituztenek ordaindu behar dituzte kalteak. Bortxa praktikatzen dutenek eragin kalte materialen erantzukizun zibila hartu behar duten beren gain, ez herritar zergadunek”.
"Biharko manifestazioek iragan eta gero baten arteko inflexio unea marka dezakete. Gobernuak manifestari gogorrenek jomuga dituzten eraikinak bereziki zaintzea nahi du"
Jaka Horien manifestazioak ez dira hiriburura mugatzen, baina Parisko istiluek bereganatu dute mundu osoko hedabideen arreta. Larunbat honetarako, dei ugari egin da sare sozialetan, hirietako deigarriena 16. arrondizamenduan kontzentratzekoa, Trocaderon.
Modu horretara, Jaka Horietako askok berezi nahi dituzte euren manifestazioak eta eraso bortitzak eragin ohi dituzten haiengandik, eta hala Jaka Horien aldarrikapenak aurrera eramateko hasierako jokamoldeak mantendu.
Paris ez da deitzaile hauen hiri bakarra. Montpellier, Strasbourg, Lyon edota La Rochellera joateko 3.000 pertsonen deiak jaso dira Facebook-en.
Jaka Horien protestak hasi zirenez geroztik 1.000 pertsona zigortu eta 5.600 atxilotuta izan dira: “Manifestazio eskubidearen alde gaude, baina ezin dugu onartu protestak baliatzea gauzak apurtzeko, erretzeko... erakundeei desafioa egiteko”, nabarmendu du lehen ministroak.
Itxura batez, biharko manifestazioek iragan eta gero baten arteko inflexio unea marka dezakete. Gobernuak "manifestari gogorrenek" jomuga dituzten eraikinak bereziki zaintzea nahi du. Sentinelle deitu operazioa jarri du indarrean. Armadako soldaduek hartuko dute beren gain manifestarien erasoak ekiditea. Operazioa “ordenua ezartzeko 19. ekitaldia” izenpean aurkeztua izan da.