Frantziako Lehen Ministro Édouard Philippe-k apirilaren 19an azaldu du Gobernuak zein modutan duen aurreikusia pixkanaka konfinamendutik ateratzea. Maiatzaren 11tik aurrera hasiko litzateke prozesu hau, eta iragarri du "normaltasunera" ez dela "denbora luzean" itzultzerik izango.
Maiatzaren 11rako herritar denentzat kirurjikoak ez diren maskarillak egongo direla adierazi du, nahiz eta hauen erabilera ez den derrigorra izango. Gobernuak bermatu nahi du maiatzaren 11tik aurrera sintomak adierazten dituzten pertsona denei test serologikoak egitea, horrek ekarriko luke astean 500.000 test egitea (egun 25.000 egiten ditu).
Garraioa ugarituko da, eta enpresak, komertzioa eta eskolak lanera itzuliko dira.
Garraio publikoan Gobernua aztertzen ari da erabiltzaileak maskarilla eramatera derrigortzea, zaila baita hauetan kutsadura saihesteko distantziak mantentzea.
Enpresei gomendatuko die ahal duten guztiek telelanari eustea, eta hori posible ez den kasuentzat, Philippek adierazi du sindikatuekin landuko dituztela lanpostu bakoitzarentzako babes neurriak.
Komertzioa pixkanaka zabalduko dute, baina bezeroen arteko distantzia zainduz. Oraingoz tabernak eta jatetxeak zabaltzeari uko egin dio, horietan ezinezko baita distantzia bermatzea.
Eskolak zabaltzeko aukera ezberdinak ari da aztertzen Gobernua, eta eskualde bakoitzean modu ezberdinean gauzatuko litzateke: izan liteke ikasleak txandatuz astez aste, edo espazio handiagoetan eginda.
Konfinamendutik ateratzeko planaren oinarria gaixoak lokalizatzea izango da eta horretarako mugikorretako aplikazioak erabiltzea pentsatzen ari da Gobernua.
Beste zutabeetako bat izango da kutsatutako pertsonak eta bere ingurua bakartzea, eta hori beren etxean egin nahi ez dutenentzako hotelak egokituko dituzte.