Baionako PSko diputatu Colette Capdeviellen hitzetan, “Frantziako ministro Christiane Taubira euskal presoak hurbiltzearen aldekoa da. Kasuak kasu aztertuz betiere, giza arrazoi eta behar familiarrak tarteko, atxilotuen dosierrak aztertzeko prest dago”.
Abuztuaren 31n, Frantziako hainbat hedabideetan berebiziko albiste hau zabaldu da.
Kari horretara, AFPk agentziak Justizia Ministerioko Olivier Pedro-José elkarrizketatu du: “Orainokoan ez da hurbiltzeko inolako engaiamendurik hartu, baina preso bakoitzaren egoera, jarrera eta dossierra bederazka aztertzeko borondatea dago. Horren arabera, pausoak eman litezke”.
Euskal preso politikoak hurbiltzeko aurrerapauso posible hauek uztailaren 8an gestionatzen hasi bide ziren. Hainbat iturri informatiboen arabera, Justizia Ministerioko zuzendari Alain Christnacht presoen hainbat ordezkarirekin bildu zen bere kabinetean.
Colette Capdevielle diputatu baionesak dioenez, bilera hori ekainean Parisko Giza Konferentzia izan ondoren egin zen. Konferentzian Euskal Herriko bake prozesua aztertu zen. Ekimenak oihartzun handia izan zuen. Capdeviellen hitzetan, lehen bilera hura keinu politiko oso adierazgarria izan zen. Eta, bart, Olivier Pedro-Josék Parisen adierazitakoa berriz, Frantziako Gobernuak euskal presoen espetxe politika alda lezakeen seinalea.
Barne ministroaren bisita Euskal Herrira
Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroa Lapurdin izan zen ostiralean, Baionako Estatuko Etxe izendatu duten Suprefeturako ekitaldian. Besteak beste, hauxe adierazi zuen: “Estatuak Frantzia osoan izan behar du presente”. “Frantziako Notre lege erreformaren arabera lurralde bakoitzak –Euskal Herria, tarteko– ‘bere bidea’ egin behar du. Lurralde elkargoa tokiko hautetsien esku dago”.
EH Bai mugimenduaren ordezkariek ministroari eman zioten gutunean, bi eskaera hauek nabari ziren: Batetik lurralde elkargoari buruzko engaiamendua; eta bestetik, Frantziak gatazkaren konponbidean parte-hartzea.
Euskal Herriko eragile politikoen gehiengoak euskal preso politikoen sakabanaketarekin amaitzea eta etxera hurbiltzea eskatzen du.