argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak
  • Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak ebatzi du Bruselako epaiak, LABek zabaldu duenez.

ARGIA @argia 2023ko irailaren 29a

Hainbat erakundek eta kolektibok egindako salaketa, ekintza eta kanpainen ondorio da EBJAren ebazpena. Adibidez, uztailean mugan droneak erabiltzea debekatzea lortu zuten.

LAB sindikatuak azpimarratu duenez, 2021eko urtarrilaz geroztik, pandemiaren ezohiko aldia igarota eta Shengen Itunari eta pertsonen zirkulazio askearen printzipio komunitarioari muzin eginda, Frantziako Gobernuak Bidasoako muga nahi bezala ixteko ahalmena esleitu dio bere buruari. Dagoeneko bi urte eta erdi dira muga hori itxi zenetik, eta itxiera sei hilean behin berritzen joan da, irizpide arbitrario eta ez oso gardenen arabera. Hemendik gutxira, azaroaren 1ean, mugaren itxiera berriro iraungitko da.

LAB sindikatuak, salaketa horiek egiteaz gain, hainbat ekintza eta ekimenetan aktiboki parte hartzen duela gogorarazi du, "Bidasoako muga inposatuan (eta muga guztietan) heriotzaren politika" arbuiatu, "gobernuen zigorgabetasuna" salatu eta pertsona guztientzako eskubide eta aukera duinak eskatzen ditu, bidean daudenentzat, baita Euskal Herrian jarraitzea erabakitzen dutenentzat ere.