argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Gobernuak arrasteko arrantza debekatu du Re uharte inguruko itsasoan
  • Hainbat itsas izakiren –batik bat izurde eta lupien– biziraupena arrisku larrian jartzen duela eta, Frantziako agintariek debekatu egin dute Re uharte inguruetan arrasteko arrantza egitea. Arras arrain gabetua den euskal kostalderako eta oro har itsaso guztietarako neurri bera hartzea eskatu izan dute bai ekologistek eta bai Ondarroa 12 Milia bezala arrantza jasangarria aldarrikatzen duten elkarteek.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 02a
Arrasteko saretan harrapatutako izokin bat. (Argazkia: La Croix)

Urte berriarekin arraste-sarez lan egiten duten baporeek sarbidea debekatua daukate Re uharte inguruko uretan, Le Monde egunkariak zabaldu duenez. Bizkaiko Golkoan La Rochelle aurrean eta Bordeletik ez urrun dagoen uharte ezagun horretako urak Europar Batasuneko Natura 2000 sare ekologikoaren barne daude, itsasoko ekosistemarentzako daukaten garrantziagatik.

Arrasteko arrantzak eragindako zauriz hildako izurdeak La Rochelle inguruko hondartza batean. (Argazkia: Euronews)

2019ko otsailean Pelagis behatokiak jakinarazi zuen urteko lehen bi hilabeteeetan 700 izurdez goiti azaldu zela hilik Frantziaren Atlantiko aldeko hondartzetan, hasi Landetatik eta Breitaniarainoko kostaldean, arrasteko baporeek beren sareetan harrapatuta jasandako zaurien ondorioz. Urtero errepikatu den sarraski horrez gain, Frantziako Gobernuak itsasoko bizitzarekin zerikusia duten hainbat profesional eta elkarterekin antolatutako gogoetan erakutsi zen Re inguruko urek garrantzia berezia daukatela zenbait arrainen ugaldeketarako, esaterako, lupiek oso gogokoak dituztela ur horiek beren ugalketarako. Ondorioz, Charente Maritimeko prefektak abenduaren 26an jakinarazi zuen itsasoak bereziki suntsitzen dituzten sare horien debekuaren berri.

Euskal Herrian Naturkon koordinakunde ekologistak honela aipatu du albistea: "Berri itxaropengarria Europatik. Euskal Herrian antzeko ekimen bat ari da aspalditik sustatzen Ondarroa 12 Milia elkartea, kostatik hasi eta aurreneko 12 milietan, baina Eusko Jaurlaritza eta arrasteko arrantzaren lobbya zeharo aurka daude".

Arrasteko baporeak lanean. (Argazkia: Le Telegramme)