Gobernu frantziarrak 2.500 militar izango ditu Malin datozen egunetan bertako gobernuarekin batera MNLA erakunde independentista tuarengen eta herrialdeare iparraldean matxinatu diren bestelako indar islamisten aurka egiteko.
Dagoeneko 600 militar daudela jakinarazi du defentsa ministerioko bozeramaileak. Horiei gehituko zaizkie orain bidaliko diren beste 1.900. Momentuotan militar frantziarrak bakarrik daude baina AEBk, Erresuma batuak, Alemaniak, Kanadak eta Espainiak laguntza logistikoa emango dutela adierazi dute.
Espainiako Kanpo Arazoetarako Ministro José Manuel García-Margallok esan duenez, “Espainia prest dago bere auzokide europarrei laguntzeko Nazio Batuen erabakia aintzat hartuta”. Bere esanetan, Frantziak pentsatzen zena baino arinago jokatu behar izan du “muturreko indar islamistek” herrialdearen iparraldea beraien menpe hartua baitzuten.
Kolonialismoaren aztarnak
Maliko interbentzioa keinu "hipokrita" gisa definitu du Giampaolo Calchi Novati nazioarteko ikerlariak Il Manifeston argitaratu duen artikuluan. Azaldu duenez, Mali huts egindako estatu bat da eta interbentzioak ez du lagunduko egoera hobetzen.
Gainera, Al Kaeda "aitzakia" besterik ez da interbentzioa zuritzeko: "Sahara tuaregen erreinua da eta zehatzago, berebere herriarena, legezko eta legez kanpoko merkataritzan jarduten duena, antzinako karabanen bideetatik. Hiriak eta nekazaritza bereizgarri dituzten hirien inguruan eraiki diren estatuek ezin dute jasan nomaden bizimodua... Mugak ziurtagiria dira batzuentzat eta oztopoa besteentzat".
Calchi Novatik dioenez interbentzio militarrak arrisku nagusi bat dauka: eskualdeko indar matxino guztiek bat egitea. "Bonbardaketei kontrajarritako negoziazioek helburu gisa zeukaten Azawadeko estatua aldarrikatu zuten mugimendu independentistak banatzea zuzenean edo zeharka Al Kaedarekin lotuta dauden erakunde islamikoetatik".