argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Gobernua presoez arduratu dadin manifestazioa izango da Parisen abenduaren 16an
  • “Bakearen artisauek” jendea Parisen mobilizatzera deitu dute heldu den abenduaren 16an, Frantziako poliziak Luhuson ETAren armagabetze ekintza bat eragotzi eta urtebetera hain zuzen. Luhuson bertan emandako prentsaurrekoan adierazi dutenez, eskaera berezia eginen diote gobernu berriari euskal presoen gaia bere gain hartzeko, eta orobat bake prozesuan engaiatzeko.

ARGIA @argia 2017ko maiatzaren 16a
Luhuson egindako agerraldia (Arg.: Ekhi Erremundegi).

Frantziako hiriburuko karriketan mobilizazio handia izatea espero dute, eta estatuan dituzten harremanez baliatuko dira indar politiko eta sozial ugarik parte har dezaten. Gobernuari ekatuko diote behingoz urrats sendoak eman ditzala “presoek pairatzen dituzten salbuespenezko neurriak bertan behera uzteko”.

Aurrerantzean hiru lan eremu landuko dituztela erran dute: preso eta iheslariak, biktimak eta elkarbizitza. Biktimei dagokienez gogoetarako talde berezia eratuko dute, ahalik eta esperientzia gehien biltzeko, Mixel Berhokoirigoinek azaldu duenez.

Emmanuel Macron presidente hautatu berriaren taldearekin dagoeneko harremana izan dutela esan dute, eta Justizia ministroa nor izango den jakindakoan –gaur izendatuko dute gobernu berria– harengana jotzeko asmoa agertu dute. Zentzu horretan, positibotzat jo dute Frantziako Gobernuak euskal gatazkari dagokionez Espainiakoarekiko hartutako autonomia. Paris mugitzeak Madril ere mugitzea eragin lezakeela iritzi diote Bakearen Artisauek.