argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Gobernua euskal presoak hurbiltzen hasiko da datozen asteetan
  • Vocento taldeko egunkariek eman dute berria larunbat honetan, Frantziako Gobernuaren iturrietan oinarrituta. Ondoren Bakearen Artisauen taldeko Txetx Etxeberrik baietsi du albistea Radio Euskadin egindako adierazpenetan.

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 13a
Parisko manifestazioaren amaierako ekitaldia. (Arg.: ARGIA)

Etxeberriren esanetan albistea ez da berria eta azpimarratu du artisauek horixe bera ziotela beren azken agirian. Orduko agirian esaten zen, Frantziako Gobernuak ez zuela ikusten eragozpenik euskal presoak hurbiltzen hasteko, eta zegokionean ekingo ziola zeregin horri. Orain Vocentoko egunkariek mugimenduak aste batzuetan hasiko direla zehaztu dute.

Etxeberriren esanetan, preso batzuek dagoeneko eskatua dute aspaldi hurbilketa hori, Frantziako Gobernuak onartuak ditu eskaerak eta horiek izango dira lehenak. Artisauak, hala ere, ez du presoen izenik eman nahi izan.  Mont de Marsan eta Lannemezango espetxeetara hurbilduko omen dituzte. EPPK-k, halaber, aspalditik eskatu du bereziki zaindutako presoen erregimena –DPS deiturikoa– bertan behera uztea eta, Etxeberriren esanetan, erregimen honi ere amaiera emango dio Frantziako Gobernuak.