331 diputatuk bozkatu dute ezkerrak aurkezturiko zentsura mozioaren alde. Eskuin muturrak babestu du ezkerraren testua, eta horrek ekarri du gehiengoa lortu izana. Emmanuel Macron presidenteak hitza hartuko du ostegun honetan 20:00etan.
Aitzina egiteko 288 boto behar zituen ezkerreko Herritar Fronte Berriak aurkezturiko zentsura mozioak, eta 331 jaso ditu. Hori horrela, erori egin da Frantziako Gobernua abenduaren 4 arratsalde bukaeran. Eskuin muturreko RN Batasun Nazionalak eta alderdi horrekin eskuz esku doan Eric Ciottiren taldekoek bozkatu dute testuaren alde.
Abenduaren 2an, Michel Barnier Lehen ministroak legebiltzarraren oniritzirik gabe eta Konstituzioaren 49.3 artikulua baliatuta Gizarte Segurantzaren aurrekontuak onartzeagatik aurkeztu zituzten bi zentsura mozio –bata ezkerrak eta bestea eskuin muturrak–. "Historikotzat" jo dute anitzek abenduaren 4ko bozketa. Tartean, Peio Dufau lapurtar diputatu abertzaleak ondokoa zabaldu du X kontutik: "49.3 artikuluarekin inposatutako Gizarte Segurantzaren aurrekontu austeritarioak are gehiago hondatuko zituen zerbitzu publikoak. RNarekin soilik hitz egitean datza hutsegite horren arrazoia. Kontzientziaz bozkatu dut zentsura mozioa".
Uztailaren 7az geroztik, gehiengo argirik gabeko legebiltzarra zuen Macronek, eta aitzina egin ahal izateko eskuin muturraren babesa ezinbestekoa zuen. Funtsean, elkarlan hori salatu izan du ezkerrak behin baino gehiagotan. Legebiltzarreko hauteskundeetan lehen indarra izan zen Herritar Fronte Berria, baina Macronek ez zuen ezkerreko gobernurik osatu irailean. Herritar Fronte Berriak gogorki kritikatu zuen erabakia, osatutako gobernua demokraziaren aurkakoa eta eskuin muturrarekin adosturikoa zela leporaturik.
Aldi honetan, ordea, Macronek ez du jaso RNko Marine Le Penen babesa, eta hain justu, eskuin muturrak ezkerraren testua babestu izanagatik erori da gobernua. Bozketaren ondotik, Le Penek berehala gogora ekarri ditu Barnierrek bete ez dituen hiru "promesak": "justizia fiskala", kontu publikoen "oreka" eta aurrekontua "oposizioekin batera eraikitzea". Hala eta guztiz ere, harremanak atxiki nahian-edo, ondokoa argitu du eskuin muturraren ordezkariak: "Bozketa ez da bihotz-poztekoa izan".
Hiru hilabete eskas iraun du Barnierren gobernuak, eta berriz ere krisi politiko potoloari aurre egin beharrean da Emmanuel Macron presidentea. Ostegun gau honetan hartuko du hitza 20:00etan.
V. Errepublikaren pean, bigarren aldia da gobernua erortzen dela. 1962an izan zen lehena, Georges Pompidouren gobernuaren kontrako zentsura mozioarekin.