Frantziak berealdiko "iraultza" behar duela idatzi genuen, bozen lehen itzulian Macron eta Le Pen garaile jalgi ondoren. Macronek “iraultza” ez, baina “ lurrikara” eragin du Hexagonoan, ezkerrean zein eskuinean. Liberalismo kapitalistak jendearen ikara sosegatu du Europan.
Emmanuel Macronek hankaz gora jarri du mende erdi luze bateko hegemonia, En Marche! mugimenduak Eskuin & Ezker paradigma galbidera eraman ondoren.
Ezkerrean, Alderdi Sozialista (PS) desegin bidean dago. Ez da Macronen meritua soilik, Frantziako lehen ministro ohi Manuel Vallsek ere lagun du PS hondoratzen, lotsarik gabe lagundu ere. Primarioetatik galtzaile irten zen Vallsek Errepublika Martxan-eko zerrendetan aurkezteko nahia agertu du. Emmaanuelek muzin egin dio Manuelen “goxoki”-ari.
PSko primarioetan eta presidentegai ohi Benoît Hamonek mugimendu berria iragarri du uztailetik aurrera, artean, alderdia laga gabe, prefosta. Ikusiko hori ere… Anartean, jarduneko lehen ministro Bernard Cazeneuve PSko diputatugaiei Macronen alde egiteko eskatu die. Ez da txistea, hala badirudi ere.
Ezker alderago, berriz, Jean-Luc Mélenchonen Frantzia Intsumisoaren eta Alderdi Komunistaren (PC) arteko aliantza fini da. Ezkerraren ezkerren arteko “aliatuak” ez dira uztargaiak. Ezkerreko batasuna, iragan gorrian ezkondu eta ito zen
Bestalde, eskuinaldean Errepublikanoak (LR) alderdian ur uherrak jaisten dira. Nicolas Sarkozy itzaletik argia aurkitu nahian ari da nonbait. Baina, jendea baina barkua uzten ari da: Bruno Le Maire ministro ohia prest legoke Macronen mugimendukoen proposamenak entzuteko. Halaber, LRren diputatu eta Le Havreko auzapez Edouard Philippe lehen ministro ikusten dute zenbaitek.
Are eskuinerago eskuin muturra dago: Marine Le Penek Fronte Nazionala (FN) eraberritzeko beharra agertu du. Ordea, haren iloba Marion Marechal-Le Pen diputatuak politika utziko duela adierazi du. Ohiko “arrazoi pertsonalak direla eta” baino, FNaren ildoen arteko konponezina agertu da. Marine Le Penen lidergoa kolokan bide dago.
Kontuak kontu, ekainean 577 diputatu hautatuko dira Frantziako Legebiltzarrerako. Macronen Errepublika Martxan-ek gehiengo osoa lor lezake. Orain hiru hilabete imajinaezina errealitatea bihurtu liteke.
Sozialiberalismoak “iraultza”rik ez, baina “lurrikara” eragin du, Euskal Herri osoan eragin ere. Lurraldean izandako dardarak EAJko EBBko buru Andoni Ortuzar Estatuko presidente berriaren emazte Brigitte Macron eta Errepublika Martxan-eko bozeramaile Michel Bernos-ekin biltzera eraman du dagoeneko.
EAJ-PNBko hautagaiak ere Errepublika Martxan-eko zerrendetan izanen dira.
Iraultzarik ezean, lurrikara !