200 soldadurekin joan dira eta ez dute erresistentziarik topatu, erreboltariek ihes egin dute Al Jazeerak zabaldu duenez.
Maliko gobernuaren tropek eta Frantziako tropek Diabaly eta Doutenza herriak eskuratu dituzte inongo erresistentziarik topatu gabe. Diabaly, Bamako hiriburutik 350 kilometrora dago. Herritarren esanetan, Mopti eta Sevare hiriak hartuta zituzten erreboltariek. Tropa frantziarrak iristean ordea ihes egin edo bertako jendearekin nahasten saiatu zirela adierazi zuen bertako jendeak.
Jena-Ives Le Drian Frantziako defentsa ministroak esan duenez “Mali berriz konkistatzea da helburua”. 6.000 soldadu iristea espero dute frantziarrek baina muga logistikoen eta eskudirua dela eta Bamakorako sarrera espero zena baino makalago ari dira egiten. Igandean 150 soldadu pasa zirela esan du Al Jazeerak.
Erreboltariak, hainbat toki bertan behera utzi eta Kidalen kokatuta daudela esan zuten igandean. Kidal joan den urteko martxoan hartu zuten Al Qaedako eta tuareg talde independentistako kide batzuek. Tokia oso menditsua da, Argeliako mugatik gertu eta Bamako hiriburutik 1.500 kilometro ingurura dago.
Jackie Rowlandek Al Jazeerako kazetariak esan duenez, touareg askok utzi dute gatazka beraien errebolta Al Qaedarekin lotura duten taldeek “bahitu” dutela sentitzen dutelako.