argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Estatuko “mozal legea”-ren aurkako manifestarien kontra oldartu da polizia
  • Manifestazio jendetsua egin zuten astearte arratsean Parisen, Macronen gobernuak indarrean jarri nahi duen lege-proiektu berriaren aurka: polizien irudiak zabaltzeagatik kartzela zigorrak eta isun handiak aurreikusten dira lege horretan eta kazetarien artean kezka eragin du, euren lana erabat baldintzatu dezakeelako.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 18a
Manifestari bat asteartean Parisen, lege berriaren 24. artikuluak prentsa askatasuna bertan behera uzten duela dioen afixarekin.

Frantziako Gobernuak kazetarien lana oztopatzeko indarrean jarri nahi duen lege berriaren kontrako mobilizazioak egin dituzte Parisen astearte honetan. Frantziako kazetarien sindikatu nagusiak (SNJ) eta gremioko beste hainbatek deitua zuten mobilizazioa, legeari buruzko eztabaida Asanblada Nazionalean hastekoa zen egun berean.

Beste zenbait eragilek ere bat egin zuten deialdiarekin, hala nola Giza Eskubideen Ligak; eta ehunka Jaka Horiren sostengua ere jaso du. Libération egunkariak jaso duenez, “egun historiko” gisa deskribatu du mobilizazioa SNJko idazkari nagusi Emmanuel Poupardek.

Manifestazioaren jo-puntuan, lege-proiektuaren 24. artikulua: poliziaren aurpegiak edo haiek identifikatzea errazten duen beste edozein elementuren zabalkundea debekatu nahi du, imajina horiek zabalduz uniformedunen “osostasun fisiko edo psikikoa” arriskuan jartzen bada. Kazetarien elkarteek salatu dute azken puntu horrek esan nahi duena ez dagoela zehaztuta eta, beraz, prentsako langileengan auto-zentsura eragin dezakeela.

Ez da legearen artikulu eztabaidagarri bakarra gainera: 22. artikuluak, adibidez, eskumenak eman nahi dizkio Gobernuari droneen bidez kaleak masiboki zelatatzeko eta horrek herritarren bizimodu pribatuan norainoko eragina izan dezakeen salatu dute manifestazioan parte hartu dutenetako batzuk,

Istiluak manifestazio amaieran

Manifestazioaren amaieran poliziek ur-kanoiak eta gas negar-eragileak erabili dituzte lege proiektu berriaren kontra bildutakoen aurka. Sare sozialetan zabaldutako irudi batzuek erakusten dute poliziak manifestarien kontra erabili duen bortizkeria. Legea indarrean sartzen baldin bada, behekoa bezalako irudiak zabaltzeagatik kartzela zigorra eta 45.000 eurorainoko isunak jaso ditzakete herritarrek.