Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak Frantziako Estatuarekin eta Akitaniako Eskualdearekin lotzen duen kontratua berritzea erabaki zuen atzo, aho batez.
Urte politikoari hasiera ematen dion Batzar Nagusian hartu zuten erabakia, Baionan. Ipar Euskal Herriko parlamentariak, kontseilari nagusiak eta eskualdeko kontseilariak bildu ziren bertan.
2020ra arte indarrean izango den kontratuaren funtzioa eskualdeko egitasmoak finantzatu ahal izatea da. Orain negoziaketak abiatu behar badira ere, Kazeta.info-ren arabera 250 eta 300 miloi euro bitartean jasoko ditu Ipar Euskal Herriak. Orain arte eta kontratua abiatu zenetik, ‘pays’ egituraren bidez bideratu dira negoziazioak. Aurten aldiz, egitura hori desagertuko dela iragarri du Frantziako Gobernuak, eta ikusteko dago kontratua zein eskumen eta ezaugarrirekin osatuko den.
Daniel Olzomendi Izurako auzapezaren hitzetan, alde bozkatu arren “argi utzi dute Estatuak, formen aldetik, Euskal Herria mespretxatu duela”. Hollandek zuzendutako Gobernuak Lurralde Elkargoaren sorrera ukatu zuenetik lehenengo bilera zen atzokoa.
Batzuk kontra besteak alde
Hautetsien Kontseiluak aho batez kontratua berritzea erabaki duen arren, Ipar Euskal Herriko politikarien artean badira kontrako iritziak ere, Max Brisson UMPko Departamendu burua esaterako: "Kontratu berri baten gauzapenaren aurka naiz. Zertarako lan egin dugu hiru urtez beste egitasmo batean, egun daukagun sistema ona bada? Nire burua ispilu baten aitzinean begiratu nahi dut lotsatua izan gabe".
Frantxua Maitia Alderdi Sozialistako kontseilariak ostera, Ipar Euskal Herriaren interesen aldeko erabakia izan dela uste du. “Jadanik sobera denbora galdu da”.