argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Estatuak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berresteko beste aukera bat
  • François Hollande Frantziako Estatuko presidenteak gutuna bidali die alderdikide dituen diputatu bretoi bati eta senatari biarnes bati. Idatzi horren bidez dakigu, beste behin, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berresteko bidea abian dela.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2015eko ekainaren 05

2012an, ituna berretsiko zuela esan zuen presidenteak eta nonbait esandakoa betetzeko asmoa du. Kontua da promesa eta saiakera gehiago izan direla eta 23 urtez Frantziako Estatuak ez duela halakorik berretsi. Hollandek ez luke erreferendumaren bidea aukeratuko, gobernuak egin beharreko lege konstituzionalarena baizik. Parlamentuko diputatu eta senatarien hiru bostenak baiezkoa eman beharko luke.

Ituna berrestea, ez berrestea baino hobe. Dena dela, Espainiako Estatuak 2001ean izenpetu zuen eta badakigu zein jarrera duen. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hortaz, horrela dio Berrian: “Orain, berrestera doala, mesfidantza puntu batekin begiratzen ahal diogu kontu horri. Zenbateraino gure hizkuntzen berreskurapenerako beharko liratekeen engaiamenduak hartuko lituzkeen”.