argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Estatuak 2011n erabaki murrizketa batengatik daude orain erizainak maskarik gabe
  • Frantziako erietxe, urgentzietako eta ospitaleetako erizainek maskak eskas dituzte. Duela hamar urte 700 milioi FFP2 maska eta 1.000 milioi maska kirurgiko baldin bazituen Frantziako Estatuak erreserban, behar ordurako material horren ez berritzeko erabakia hartu zuen Frantziako Gobernuak 2011n. Ekonomia batzuk egiteko erabaki arduragabea izan zen. Ondorioak pairatzen dabiltza orain koronabirusaren epidemiari aurre egiten dabiltzan erizainak.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko martxoaren 21

Konfinamenduaren lehen aste honetan ateratako zifra batek asko islatzen du: 2010ean behar ordurako 700 milioi FFP2 maska eta 1.000 milioi maska kirurgiko baldin bazituen Frantziako Estatuak, gaur egun erreserba hori hutsik dauka. Nolaz? Krisi bati aurre egiteko hainbat materialen erreserba baldin badauka ere (maskak, iodo pastillak, …) 2011. urtean hartu zuen erabakia galkorrak diren materialen ez berritzea. Hori horrela, lauzpabost urteko biziraupena daukaten maskak ez zituztenez erreberritu, epez kanpokoak dauzka orain esku artean. Urte horretan erreserba propioa segurtatzea eskatu zitzaien ospitale eta erietxeei –krisi handi bat gertatzen balitz, Txinako enpresa batzuekilako akordio batzuk segurtatuz badaezpada–. Bi neurri arduragabe, koronabirusaren epidemiak erakusten digunez, krisi bati aurre egiteko ez dutelako balio. Ekonomia batzuk egiteko erabaki horrek gaur egungo erizainak arriskuan jartzen ditu, bete-betean.

“Sekulako ekonomiak ondorioztatzen dizkigu erabaki honek: eroste kostuak, erreserba egiteak eta in fine masken suntsiketak ondorioztatu kosturik ez dugu”, irakurri daiteke finantza publikoei buruzko 2015eko txosten ofizial batean. Olivier Veran Osasun Ministroak berak aitortu du 2011ko aldaketa urte horretan uste izan zela mundu mailako maska erreserbak nahikoak izango zirela.

Erizainen kezka eta haserrea

“Bakan atzematen den zerbait bilakatu zauku maska” dio Jérôme Salomon Frantziako Osasunaren zuzendari nagusiak. Esaldi horren ondorioak pairatzen dabiltza erizainak eta kezka zein haserre mezuak biderkatuz doaz azken egunetan: “Esperantzarik gabe gaude, kezkaturik eta mespretxatuak sentitzen gara”. Maskarik gabe beraz arrisku pean baita baldintza txarretan ere dabiltza koronabirusaren epidemiari aurre egiten: Ez dira nahiko erizain eta ez dituzte nahiko ohe guztiak artatzeko. Martxoaren 16an Emmanuel Macron Frantziako presidenteak plazaratu neurri bakarrak ez dira nahikoak egoerari aurre egiteko.

Martxoaren 20 gaueko zifra ofizialei segi, 450 hildako eta 5.400 ospitaleratu eragin ditu Frantzian koronabirusak eta hori hastapena bakarrik ez da. Gauero 20:00etan txaloka eskertzen dituzte erizainak herritarrek. Bihotza berotzen die elkartasunak noski, nahiz eta askok aitortu zintzurrean blokeaturik dauzkatela ere txaloak: badu urte bat greba mugimenduan zirela erietxe eta urgentzietako langileak (ikusi lotura honetako bigarren albistea), estatuak bideratu murrizketen aurka eta kalitatezko osasun zerbitzu publiko baten alde. Esperantza bakarra dute: koronabirusaren epidemia pasa eta herritar horiek guztiak haiekin izanen direla kalean, aldarrikapenak entzunarazteko.