argia.eus
INPRIMATU
Marsellako sendagai bat emaitza onak ematen ari da
  • 20 gaixorekin erabili dute hidroxiklorokina eta %70a sendatu ditu Marsellako Unibertsitate Ospitalean. Gainontzeko %25aren egoerak ez du txarrera egin tratamendua erabili geroztik. Hori horrela, munduko hainbat herrialdetako 3.200 gaixorekin erabiliko dute tratamendua.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 23a
Klorokina.

Didier Raoult gaixotasun kutsakorretan adituak eta Marsellako Ospitaleko zuzendariak azaldu bezala, tratamendua klorokinaren deribatu bat da. Azken hau malaria duten herrialdeetara doazen bidaiariek hartu ohi dute. Tratamenduak sei eguneko epean sendatzen ditu gaixoak, Raoultek adierazitakoaren arabera.

Froga medikoa 36 pazienteri egin diete; 20ri hidroxiklorokina eman diete (horietatik seiri azitromizina ere bai) eta hamasei kontrolpean mantendu dituzte, tratamendurik gabe. Hirugarren egunetik aurrera hasi dira igartzen bi paziente moten arteko desberdintasunak. Hidroxiklorokinaz tratatutako pazienteen %70a sendatu egin da, eta tratatu gabekoen %12,5a bakarrik. Azitromizinaz tratatutako sei gaixoak sendatu egin dira, jada hirugarren egunean karga birala asko jaitsita.

Froga arrakastatsua izan bada ere, azpimarratu behar da ez dela estrapolagarria, norbanakoen oinarri oso txikia baitu. Froga medikuaren egileek onartzen dute ez dela oso emaitz adierazgarria, baina mundu-mailako larrialdi egoera dela eta, frogaren emaitzak argitaratzea positiboa dela uste dute.

Nazioarteko erreakzioak

Nazioartera egin du salto ikerketa berriak, eta Jordaniako eta New Yorkeko (AEB) osasun agintariek beraien lurraldeetan frogak egiten hasiko direla adierazi dute. AEBetan, Donald Trump presidenteak martxoaren 21ean txiokatu zuen tratamendu berri horren arrakastaz, eta sendagai posible bat dela esanez. Stephen Hann Elikagai eta Farmazeutikoen Administrazio Federaleko komisarioak zuhurtzia eskatu dio presidenteari, froga gehiago egin artean.

Frantziako Estatua tratamendu berri horren alde agertu da, “bizitzak salbatu eta gaixoak sendatzea ahalbidetzen duen tratamendua aurkitzeko aukera badugu, entsegu klinikoak eta industria farmazeutikoa prestatzea ahalbidetzearen aldekoa izan naiz lehenengo egunetik”, dio Olivier Veran Estatuko osasun ministroak. Frogak erabilgarria dela erakusten badu, "lehenbailehen" frantziarren esku utziko dutela adierazi du ministroak. Nizako ospitalea izango da Estatuan frogak egiten hurrengoa.