Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.
Frantziako Estatuan auzi administratiboen aginte juridiko nagusia da Estatu Kontseilua eta ostegunean hartutako erabakiaren esanetan, gobernuaren desegin dekretua ongi oinarrituta dago, Palestinaren aldeko kolektiboak ez zituelako behar beste moderatu sare sozialetan zabaldutako mezuak.
Estatu Kontseiluaren esanetan, “sare sozialetan kolektibo honek zabaltzen dituen mezuak bereziki oldarkorrak dira eta gorrotoa sustatzen dute erlijio juduko Israelgo herritarren aurka, areago antisemitak dira. Iruzkin horiek diskriminazioa, gorrotoa eta biolentzia sustatzen dute, eta moderazio nahikorik ez dutenez, kolektiboari egozteko gisakoak dira”.
2022ko martxoan orduko Barne ministro Gérald Darmanin-ek hartu zuen desegite dekretua, baina palestinarren aldeko taldeak helegitea jarri zuen Estatu Kontseiluaren aurrean, eta honek apirilean bertan behera utzi zuen dekretua behin-behinekoz, auzia aurrerago sakon aztertzeko asmoarekin. Orain etorri da azken erabakia.
Palestinarekiko elkartasunaren kriminalizazioa
Palestinak irabaziko du kolektiboak salatu duenez, aurrekaririk gabeko erabakia da eta Palestinarekiko elkartasunaren aurkako kolpea . Bere ustez, desegitea ez dago lotua sare sozialetako iruzkinei, baizik eta defenditzen dituzten posizio politikoei.
Kolektiboak dioenez, kontseiluaren onarpen hau Israelgo eskuin muturretik gertu dauden eragile ugarik haien aurka egin duten jazarpenaren ondorio da, eta hor kokatu ditu Jean-Luc Mondenc Tolosako egungo alkatea, Emmanuel Macron presidentea bera edo Géral Darmanin ministro ohia.
Kolektiboaren esanetan, Frantziako Estatua Israel Palestinan eragiten ari den genozidioaren konplize da, baita Palestina okupatuaren kolonizazioaren jarraipenaren laguntzaile ere.
Urriaren 7an Hamasek Israelen egindako erasoen ondotik, Frantziako Gobernua bereziki oldarkor aritu izan da Israelek egindako genozidioarekin erakutsitako elkartasun agerraldiekin; besteak beste, Palestinarekiko manifestazio ugari eta Palestinako banderak erakustea debekatu ditu hainbatetan.