Gérard Darmanin Frantziako Barne Ministroak martxoan plazaratu zuen mugimendu ekologista erradikala ilegalizatzeko prozedura, eta poliziaren “indarkeria basatia estaltzeko asmoz” hartutako erabakia izan zen mugimenduarentzat. Ostegunean, Frantziako Estatu Kontseiluak atzera bota du hau eta Frantziako Gobernuak ezarritako “legez kanporatzea neurrikoa ez dela” ebatzi du.
Frantziako Estatu Kontseiluak ostegun honetan, azaroak 9, atzera bota du Lurraren Altxamenduak mugimendu ekologista erradikala legez kanpo uzteko eskaria. Iragan martxoaren 28an Gérald Darmanin Barne ministroak hasi zuen desegiteko prozedura, Sainte Solineko (Frantzia) laborantzarako urraska erraldoien kontrako protesten ondotik, eta mugimendua “ekoterroristatzat” hartzera iritsi zen. Mugimendu ekologistak, ordea, ziztu-bizian ezarri zuen aurkako helegitea eta ostegun honetan arrazoia eman dio Frantziako Estatu Kontseiluak argitaratutako agirian: “Estatu Kontseiluaren ustez, pertsonen aurkako indarkeriaren aurkako probokaziorik ezin da Lurraren Altxamenduei egotzi”.
Estatu Kontseiluak argudiatu du Frantziako Gobernuak ezarritako legez kanporatzea ez dela neurrikoa: “Lurraren Altxamenduen desegitea ez da neurri egokia, beharrezkoa eta ordena publikoari eragin dakizkiokeen istilu larritasunaren neurrikoa”. Erabakia pozik hartu dute Lurraren Altxamenduko kideek eta adierazi dute haiek eginiko desobedientzia ekintzek eragin zuzena izan dutela gertakarietan: “Erabakiak erakusten du estatuaren errepresioaren aurrean defenda gaitezkeela, eta irabaz dezakegula”. Gaineratu dute ekintzekin jarraituko dutela eta laborantzarako urtegi erraldoien kontrako ”mobilizazio masiboa” iragarri dute datorren uztailerako.
“Demokraziarentzat berri ona”
OSTIA sareak “atsegin handiz” hartu du Estatu kontseiluak Lurraren Altxamenduen desegitea bertan behera uztearen erabakia eta Frantziar gobernuak “afruntu ederra” jaso duela azpimarratu du: “Edozein kontrabotere zanpatzeko obsesioa du, ekologistak terroristatzat jotzen, manifestariak larriki zauritzen eta militanteen ehizatzeko bitarteko erraldoiak erabiltzen ditu”. Demokraziarentzat zein ingurugiroaren babeserako berri ontzat jo du.