argia.eus
INPRIMATU
50 euskal preso inguru aske geratu daitezke Frantziako espetxealdia kontuan hartuta
  • Espainiako Auzitegi Nazionala 50 preso ingururen kaleratzea aztertzen ari da Frantzian igarotako espetxealdia aintzat hartuta, Noticias taldeko egunkariek argitaratu dutenez. Langraiz bideko Josu Garcia Corporales presoa izan daiteke aldaketak eragindako lehena; tramite guztiak eginda, edozein unetan askatu dezaketela jakinarazi dute.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko abuztuaren 19a
Zaballa espetxean dagoen Josu Garcia Corporales aske geratzen lehena izango da.

Auzitegi Nazionalaren irizpide berriari segituz, Garciaren kaleratzearen ostean urte ugari espetxeratuta eta Espainiara estraditatu aurretik, kondenaren parte Frantzian igaro duten beste preso batzuen askatasuna erabaki dezake. Hauen artean daude, besteak beste, Langraiz bidea hautatu zuten Carmen Gisasola, Idoia Lopez Riaño, Kepa Pikabea eta Rafael Caride presoak. EPPKko zenbait preso ere libre gera daitezke; tartean, Francisco Mujika Garmendia, Iñaki Bilbao Beaskoetxea, Santiago Arrospide eta Jose Javier Zabaleta.

Noticias taldeko egunkariek diotenez, egun Zaballa esoetxean daukaten Garcia Corporales presoak dagoenekoz kalean behar luke. Baina Parot Doktrina baliogabetzean 70 preso inguru aske geratzeagatik biktimen erakunde batzuek eta hedabideek eragindako presioak atzeratu egin du honen kaleratze agindua.

Akusazio beragatik kartzela urte guztiak balio bera

Espainiako Auzitegi Gorenak martxoan ebatzi zuen, presoa Espainiara estraditatu aurretik, Frantziak akusazio beragatik zigortua bazuen, han igarotako kartzela urteak kendu egin behar zitzaizkiola Espainian bete beharreko espetxealdiari. Joseba Urrusolo Sistiaga presoak jarritako helegitearen ondotik hartu zuen erabakia auzitegiak.

Kartzela urteen murrizketa Urrosolo Sistiagari ere aplikatuko zaio, baina oraingoz ez da aske geratuko, urte eta erdi geratzen baitzaio kondena betetzeko.