argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Eliza Katolikoak ondasunak salduko ditu pederastiaren biktimei kalte-ordainak emateko
  • Urrian kaleratutako txosten batek argitara atera zuen gutxienez 330.000 adin txikikok sexu erasoak jasan zituztela 1950etik 2020ra bitartean, Frantziako Eliza Katolikoari lotutako erakundeen baitan. Espainiako Eliza Katolikoak, ordea, ez du ikerketarik egingo pederastia kasuak atzemateko.

Leire Artola Arin 2021eko azaroaren 10
Frantziako Apezpikuen Batzordeak aitortu du pederastia "sistemikoa" izan dela.

Frantziako Apezpikuen Batzordeak erabaki du elizgizonen pederastiaren biktimei kalte-ordain ekonomikoak ematea; horretarako “kalte-ordainen funts bat” irekiko du. Elizbarrutiko ondasun higiezinak eta higigarriak saltzeko asmoa dute, eta “nahikoa ez balitz” kredituak eskatuko dituztela jakinarazi dute. Ez dituzte erabiliko pertsona katolikoek elizari emandako dohaintzak. Eric de Moulins-Beaufort batzordeko presidenteak adierazi du eragindako minetik “libratu” nahi dutela indemnizazioen bidez: “Min handia egin da eta onartu egin behar da, horrela mina jasan dutenak nahiz gure Eliza askatzeko”.

Pederastia, sistemikoa

Urrian plazaratu zuen CIESA batzorde independenteak Frantziako Eliza Katolikoaren sexu erasoen inguruko ikerketa. Ondorioztatu zuten 1950. urtetik gutxienez 330.000 haur erasotu zituztela elizgizonek eta elizari lotutako pertsona laikoek, horietatik gutxienez 25 Baionako elizbarrutian. Txostenaren arabera, gutxienez apaizen %2 pederastak izan dira azken 70 urteetan. Gainera, dokumentuaren egileek salatu zuten elizak biktimekiko “axolagabetasun krudela” erakutsi zuela 2.000. hamarkadara arte. Eliza Katolikoari eskatu zioten “ardura onartzeko” eta “kalteak ordaintzeko”; apezpikuek orain eman dute erantzuna, astebetez bilduta egon ostean. Aitortu dute pederastia “sistemikoa” izan dela Elizan.

Aitzitik, Espainiako Eliza Katolikoa ikerketa orori itxita dago. Europako estatu gehienetan ari dira elizako pederastia kasuak ikertzen, Italian eta Espainian izan ezik. Espainiako Apezpikuen Batzordeak urrian jakinarazi zuen ez dutela asmorik sexu erasoak ikertzeko. Luis Arguello batzordeko presidenteak azaldu zuen azken urtean jasotako salaketak “gutxienekoak” izan direla. Halere, ez dute nahi inork iker dezan Espainiako Eliza Katolikoa: kanpoko ikerketa batzordeei ere ez diete utzi sarbiderik dokumentuetara.