argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Eliza Katolikoa lotsarazi duen txostena: 330.000 haur, sexu gehiegikerien biktima
  • 330.000 adin txikikok sexu gehiegikeriak jasan dituzte 1950etik 2000ko hamarkadara, Frantziako Eliza Katolikoari lotutako erakundeen baitan. Batzorde independente batek azaleratu du zifra beldurgarria, eta sistematikoki ahalbidetu diren gehiegikerien aurrean, ardura eta ordaina eskatu diote Eliza Katolikoari.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko urriaren 05a

2.900 eta 3.200 erasotzaile artean identifikatu dituzte, baina ziurrenik gehiago direla argi utziz. Elizgizonen biktimak 216.000 dira eta kopurua 330.000raino puzten da, Eliza Katolikoari lotutako ikastetxeetan, katekesian edota bestelakotan ari diren erasotzaile laikoak kontuan hartuz gero.

Frantziako Apezpiku Konferentziak eta Erlijiosoen Konferentziak lotsa, amorrua eta mina agertu dute, “suntsituak izan diren hainbeste bizitzaren aurrean”. Irudikatu ezin zuten errealitate krudela dela adierazi dute, zifrek gainditu egin dutela uste zutena, eta onartu dute gabeziak egon zirela, hainbeste kasu inpunitatez eta urtetan zehar gertatu ahal izateko.

Sistematikoa

Izan ere, ondorioa garbia da: erakunde erlijioso honen baitan sistematikoki egin dituzte gehiegikeriak, eta hori ahalbidetu duten mekanismoak aztertu ditu txostenak. Familiaren eta lagunartearen atzetik, Eliza da adin txikikoenganako sexu gehiegikeria gehien erregistratu dituen eremua, Frantziako Estatuan. Batzorde independenteak Eliza Katolikoari eskatu dio duen ardura bere gain har dezala eta biktimei ordain ekonomikoa eman diezaiela.

Indiferentzia ankerra

XXI. mendera arte, biktima hauekin anker eta indiferentziaz jokatu duela leporatu dio batzordearen presidenteak Elizari, eta aurpegiratu dio biktimak ez zituztela entzun, ez zituztela sinetsi. Batzordearen presidenteak arreta psikologikoa eskatu zuen, ikerketak iraun bitartean.

Eta Espainiako Estatuan?

2.500 orriko txostenak biktimen eta lekukoen testigantzak erabili ditu ikerketa osatzeko, eta epaitegietako artxiboak, Poliziarenak eta Frantziako Elizak berak utzitakoak ere gako izan dira kausak azaleratzeko. Inguruko estatuetan ez bezala, Espainian eta Italian Elizak oraindik ez ditu bere artxiboak zabaldu nahi izan, gehiegikerien berri izan ahal izateko.