Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak bigarrenez ukatu dio gaixo den euskal preso politikoari baldintzapeko askatasuna.
Apirilaren 29an jakinarazi du ebazpena Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberak: bigarrenez ezezkoa eman dio Josu Urrutikoetxea preso politikoaren askatasun eskariari (apirilaren 1ean ere ukatu zion). Osasun arrazoiak direla-eta baldintzapean libre uzteko eskatua zuen defentsak, eta kontrolerako eskumuturreko telematikoa ezartzeko proposatua zuen.
Aurreko askatasun eskaera egin zutenean, apirilaren 1ean, La Sante espetxeko medikuburuaren ziurtagiri bat aurkeztu zuten, kartzelaldia eteteko eskatzen zuena. Agiri horrek dioenez, COVID-19 hedatzeak eragina izan dezake preso gaixo honen osasun bilakaeran.
Auzi honen bezperetan, nazioarteko 126 eragile ezagunek eskatua zuten euskal preso politikoaren askatasuna.