Jacques Chirac, Nicolas Sarkozy eta François Hollande zelatapean. AEBetako inteligentzia zerbitzuek Frantziako azken hiru presidenteak zelatatu dituzte Wikileaksek lortu eta Libération eta Mediapart hedabideek asteazkenean argitaratutako informazioaren arabera.
2006tik 2012ra gutxienez, estatuburu horien eta beren kolaboratzailerik gertuenekoen telefonoak 'pintxatu' zituzten. "Eliseo Espioitza" operazioaren baitan, horien elkarrizketak transkribatu eta sailkatu zituzten beren agenteei bidaltzeko.
Libération egunkariko zuzendari Laurent Joffrinek baloratu du "tamaina handiko operazioa" izan dela eta argitaratu dutena NSAk jasotako informazioaren parte txiki bat dela.
Lotura honetan ikus daitezke Wikileaksek argitaratutako bost kable. Gai anitzak jorratzen dizute: Hollanden bilera Grezia euro-gunetik ateratzeko zorian zela, Frantziaren kexuak AEB Frantzia zelatatzen ari zelako, Chiracen proposamenak NBEri buruz, Sarkozy Israel-Palestina elkarrizketei buruz, eta Sarkozyren asmoak Frantziak finantza krisitik irteteko orduan zuen planaz.
"Lagunen artean zelatatzea, hori ez da egiten", adierazi zuen 2013an Alemaniako kantziler Angela Merkelek Der Spiegel astekariak argitaratu zuenean AEBek bere sakelako telefonoa 'pintxatuta' zutela.