argia.eus
INPRIMATU
Frantziako atzerri ministro Barrot-en telefonoa hackeatu dute
  • Jean-Noël Barrot ministroaren telefono pertsonala hackeatu dute, honek Signal aplikazioko mezu zifratu bat ireki ondoren. Gai Numerikoen –digitalen– ministro ere izan zen Barrot, eta gisa honetako amarruen aurkako lege proiektu bat ere sustatu zuen.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko abenduaren 06a
World Economic Forum

Azaroaren amaieran, Bahraingo atzerri ministroak “Jean Barrot” delakoaren mezu bat jaso zuen: “Ministro agurgarria, espero dut ondo egongo zarela. Hitz egin dezakegu telefonoz?”. Mezuak zalantzak piztu zituen Abdullatif al-Zayani ministroarengan eta Frantziako agintariei jakinarazi zien seguruenik euren kanpo arazoetarako ministroaren telefonoa pirateatua izan zela.

Antza denez, azaroaren 25ean hackeatu zuten Barroten telefonoa, hura G7ko gainerako atzerri ministroekin Italian bilduta zegoela. Ministroak Signal aplikazioaren hipertestu baten lotura modu zifratuan jaso zuen eta hura irekitzean kutsatu bide zen bere Samsung pertsonala.

Barroten telefonoaren ikerketa Sistema Informatikoen Segurtasunaren Agentzia Nazionalaren esku dago orain, eta bertan ari dira miatzen ea sakalekoak baduen Pegasus edo Predator programa espioien erasorik.

Frantziako Kanpo Arazoetarako Ministerioko pertsonalaren arabera, hackeatze kontu hauek hasi ziren azaroaren 7an ministroak Jerusalemen egin zuen bisitaren ondoren. Orduan, ministroa han zela, Frantziako bi jendarme atxilotu zituen Israelgo Armadak Frantziarena den Eleona espazioan, jendarmeek aurrez Frantziako militar moduan identifikatu zirenean. Gertaeren aurrean, ministroak protesta agertu zuen Israelgo Gobernuaren aurrean.

Bi jendarmeek eskatu zieten Israelgo poliziei ez sartzeko espazio horretara, eta tira-bira batzuen ondoren, biak atxilotuta eraman zituzten. Frantziako Nazioarteko Irrati RFIko Sami Boukhelifa korrespontsalaren X sarearen kontuan ikus daitezke nola gertatu ziren kontuok, hark grabatutako irudietan. Ordu batzuk geroago, Atzerri Arazoetako Ministerioko hainbat pertsonaren telefonoak “gauza susmagarriak” egiten hasi ziren. Kazetariek galdetu izan dute horri buruz ministerioaren kabinetean, baina han ez ei dakite ezer hortaz.

Albistea hau Mediapart hedabideak argitaratu zuen ostegun honetan.