argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Asanblea Nazionalak Immigrazio legea onartu du ultraeskuinaren botoekin
  • Etorkinen eskubideak murriztuko dituen legeari buruzko akordioak krisia eragin du Macronen gobernuan, ultraeskuindarren babesa lortuta, eta Europar Batasunak ere migrazio eta asilo itunari buruzko akordioa itxi du.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 20a
Marine Le Pen / Argazkia: By theglobalpanorama (CC BY-SA 2.0)

Senatuak lege-proiektua aldeko 214 botorekin onartu ondoren, Frantziako Asanblea Nazionalak asteartean onartu du atzerritarrei oinarrizko eskubideak mugatzea ekarriko duen immigrazio lege berria, 348 aldeko botorekin (makronistak, LRren kontserbadoreak eta RN ultraeskuina). Akordioak krisi politikoa piztu du beste behin Emmanuel Macronen gobernuan, ultraeskuindarrek testuari emandako erabateko babesak eraginda. Horren eraginez, dagoeneko Aurélien Rousseau Osasun ministroak dimisioa eman du.

Macronek adierazi du lege-proiektua ez litzatekeela onartu behar Marie Le Penen alderdi eskuindarraren botoen babesarekin. Hala, bigarren eztabaida parlamentario bat zabaltzea proposatzen zuen, baina ez da horrela izan eta Le Pen eta enparauak batu zaizkio baietzari.

Neurri zorrotzak

Batzorde mistoak hartutako erabakien artean daude neurri hauek, hasierako lege-proposamenean jasotakoak baino zorrotzagoak direna: prefetak izango du atzerritarrei bizileku baimenak banatzeko eskubidea, eta delitu batengatik kondenaturikoek ezingo dute baimen hori lortu; migratzaileek gizarte laguntza jaso ahal izateko gutxieneko epea luzatu eta baldintzak gogortuko dira, eta familia prestazioak lortzeko, adibidez, atzerritarrek frogatu beharko dute bost urte daramatzatela Frantziako Estatuan bizitzen, edo 30 hilabetez lanean jardun dutela. Bestalde, immigrazio kuotak jartzea adostu dute eta “egonaldi irregularraren delitua” berrezarri du batzordeak, besteak beste.

Europar Batasunaren akordioa

Europar Batasunak ere migrazio eta asilo itunari buruzko akordio bat itxi du asteazkenean, eztabaida-prozesu luze baten ondoren. Erreforma horrek honako neurri hauek hartzea aurreikusten du: EBra iristen diren etorkinen kontrola indartzea; mugetatik gertu dauden zentroak ixtea, EBn asilo-eskubideri ez dutenak azkarrago itzultzeko; eta herrialde kideen arteko nahitaezko elkartasun-mekanismo bat martxan jartzea, migrazio-presiopean dauden estatuen mesedetan.