argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Asanblea Nazionalak argi berdea eman dio Macronen Segurtasun Globalaren Legeari
  • Frantziako Asanblea Nazionalak azken oniritzia eman dio ostegun honetan Segurtasun Globalaren legeari. Stop Segurtasun Globala eragileak Konstituzio Kontseilura joko du, legea mugatu dezaten. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko apirilaren 16a
Legearen aurkako manifestari batzuk Parisen azaroan. Argazkia: Reuters

Frantziako Asanblea Nazionalak azken oniritzia eman dio ostegun honetan Segurtasun Globalaren Legeari. Legearen proposamenak kazetarien eta giza eskubideen aldeko erakundeen protesta jendetsuak eragin zituen 2020ko urtearen amaieran.

Izan ere, kritikari ugari jaso ditu legeak, besteak beste polizien irudiak "min egiteko borondatearekin" zabaltzea delitu gisa tipifikatuko dituelako. Ez dago argi zein irizpideren arabera zehaztuko den asmo hori, baina erruduntzat jotzen dituzten pertsonei bost urtera arteko espetxe zigorra eta 75.000 euroko isuna ezar dakizkieke.

Horrez gain, segurtasun legeak manifestazioetan droneak erabiltzeko eta aurpegiak ezagutzeko kamerak erabiltzeko aukera zabaltzen du eta zerbitzutik kanpo dauden poliziek armak eramatea baimentzen du.

Emmanuel Macronen gobernuak aurkeztutako lege proposamena, aldeko 75 bozkarekin eta kontrako 33rekin onartu da.

Stop Segurtasun Globalak, araudiaren kontrako elkarteak, legea Konstituzio Kontseilura eramango duela adierazi du, mugak ezar ditzan. Oinarrizko eskubideak urratzen dituen legea dela azpimarratu dute.