argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Asanblea Nazionala, Palestinako Estatua aitortzearen alde
  • Palestinako Estatua aitortzeko eskatu dio asteartean Frantziako Asanblea Nazionalak Gobernuari. 339 aldeko bozka eta 151 aurkako izan ditu alderdi sozialistaren proposamenak.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko abenduaren 04a
Alderdi sozialistak, ekologistek eta komunistek egin dute nagusiki proposamenaren alde. (Arg: Liberation)

Palestina Estatu independente izateko eskaera egin duen beste parlamentu europar bat da Frantziakoa. Antzerako erabakiak hartu dituzte Erresuma Batuan, Suedian, Irlandako senatuan eta Espainian, joan den azaroan. Adierazpen hauetako bat ere ez da loteslea, hala ere.

Liberationek jaso duenez, Parisen 68 parlamentarik ez dute hartu parte bozketan, eta 16 abstenitu egin dira. Alderdi sozialistak, ekologistek eta komunistek egin dute nagusiki proposamenaren alde.

“Gure erresoluzioa babes bat da bi aldeen negoziaketa prozesuak berrartzeko”, adierazi du sozialisten bozeramaleak, François Lonclek.

Eskuinean ez da horrelako adostasunik egon; UMP Nicolas Sarkozyren alderdiko 136 diputatuk ezezkoa eman diote, nahiz eta zenbaitzuk alderdiaren erabakiaren aurka egin eta baietza bozkatu duten.

Palestinaren Askapenerako Erakundeak bere esker ona adierazi die erresoluzioaren aldeko parlamentariei.

Asanblea Nazionalak bi urteko epea eman dio Gobernuari testua legezko errealitate bilakatzeko.