argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Asanblada Nazionaleko presidentea inputatu dute ustelkeria kasu batean
  • Hamarkada honen hasierako ustelkeria kasu bat muturrean lehertu zaio Richard Ferrand Frantziako Asanblada Nazionaleko presidenteari.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 13a
Richard Ferrand Frantziako Asanblada Nazionaleko presidentea.

Lilleko auzitegi batek Richard Ferrand Frantziako Asanblada Nazionaleko presidentea inputatu du. Kasua 2011koa da, Mutuelles de Bretagne irabazi asmorik gabeko mutualitatearen zuzendari zenekoa. Asanbladako presidenteari 15 orduko galdetegia egin diote, eta ostegun goizean argitaratu da inputatua izan dela.

Ferrand 90ko hamarkadatik zen Mutuelles de Bretagne-ko zuzendaria, eta 2011n Brest (Bretainia) hiriaren erdigunean bere emaztearena zen lokal bat alokatu zuen. Salmentak eta birmoldaketek lokalaren balorea handitu zuten. 2012an mutualitatearen zuzendaritza utzi zuen eta Frantziako Alderdi Sozialistako diputatu hautatu zuten.

Kasua artxibatu egin zen, baina 2017ko maiatzean Le Canard Enchaîné astekariak argitara eman zuen Macronen garaipenaren hurrengo egunetan, eta ustelkeriaren aurka borrokatzen duen Anticor elkarteak kasua salatu eta berriro irekitzea lortu zuen. Ferrand Alderdi Sozialistan egon ostean Macronen alderdira joan zen, En Marche! alderdi eskuindarrera.

Ez du “misioa” utziko

Ferrand Frantziako Asanblada nazionaleko presidente izendatu zutenean, politika “moralizatzera” zetorrela esan zuen, eta betetzeko “misio” bat zuela. Kasu hau publiko egin ostean dimisiorik aurkeztuko ez duela argi utzi du politikariak. Prozeduraren aurrean lasai dagoela adierazi du, kasua artxibatu egin zela gogorarazi du, eta elementu berririk gabe irabazteko aukera handiak dituela uste du.