argia.eus
INPRIMATU
Frantziako agintariak mutu “arrisku handiko bozaldiaren” aurrean
  • Frantziako hedabideen atentzioa bereganatu du katalanen bozaldiak. Espainiako poliziaren jarrera bortitza eta bozkatu nahi duten herritar baketsuen jarrera agertu dituzte. Frantziako agintariak mutu daude. Benôit Hamonen sozialistaren hitzak dira salbuespen bakarra orain arte.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko urriaren 01
Frantziako politikarien iritzi eza begi-bistakoa da, halaber, analista politikoen ikuspuntuak hutsaren hurrengoa dira hedabideetan.

Frantziako presidente izateko PSko hautagai Benoît Hamonen hitzetan “Katalunian, Europaren bihotzean, jendeen boz ematea galarazteko bortxakeria zentzugabea eta mehatxagarria da”.

Hamon bera da orainokoan Katalunian gertatzen ari denari buruzko iritzia eman duen politikari frantses bakarra. Bere azalpenak kontrastatzen dituzte Espainiako sozialistek goizean izan duten isiltasunarekin.

Frantziako politikarien iritzi eta jarrera eza begi-bistakoa da, halaber, analista politikoen gogoetak eta ikuspuntuak hutsaren hurrengoa dira hedabideetan.

Hedabideak oro har, egunkari nagusiak barne, gertatzen ari denaren irudiak zabaltzen ari dira. Adi-adi ari dira, harriduraz, bi aldeekiko distantzian, modu zuhur eta neurtuan. LCI telebista kateak “arrisku handiko bozaldi”-tzat jo du Katalunian bizitzen eta gertatzen ari dena.